Aralar ireki dute 20.000 abelbururen bazkaleku izateko
Aralarko goi mendietako larreak gaur eguerdian zabaldu dituzte, Larraitz gainean (Abaltzisketa). Hamabosgarren urtez, ganaduaren mendiko bazkalekuei urte erdiko atsedena eman die Enirio Aralar Mankomunitateak, eta gaurtik urriaren azkenera arte larratu ahalko dituzte mankomunitateko herrietako 132 ganaduzalek 20.000 buru inguru. Gehienak, 18.000 bat, ardiak izango dira.
Gaur, festa giroan eta ohiturari segiz, behi talde bati jare egin diote mendirantz. Festa izan da Larraitzen, artisauen salmenta, behor erakusketa eta Gipuzkoako mendiko behor eta zaldien 5. lehiaketarekin. Zaldien arloan Maite Salsamendi ezkiotarraren abere batek irabazi du lehen saria, eta behorretan Maria Jesus Ibarbia albizturtarren batek.
Larreak irekitzeko seinalea izan ohi den suziria Anastasio Balerdi eta Teresa Tolosa senar-emazte artzain amezketarrek bota dute. Orain bost urte arte Aralarko txabolan bizi izaten ziren udan, artaldearekin.
Zaldiaren eta idi parearen arteko tiratze desafioa ere egin da, erakustaldi modura. Imanol Paolla ereñotzuarraren zaldiak irabazi du, 54 plaza osatuta. Roman Elosegi zaldibiarraren idiek 50 plaza osatu dituzte, 20 minutuko lanean.