Ehunka lagun bildu dira Ordizian langileen erabakitzeko eskubidearen defentsan
http://youtu.be/MvAc5M8_J1I
Hitzarmenen eta lan baldintzen defentsan, behin baino gehiagotan atera dira langileak kalera aurten Goierrin. Gaur goizean ere, maiatzaren lehenean, Langileen Nazioarteko Egunaren harira, ehunka lagun bildu dira Ordizian Langileok erabaki, Euskal Herrian erabaki dezan goiburupean.
Aurten LABek maiatzaren leheneko ekitaldiak bailaraz bailara egin ditu, “gertutasuna lehenetsiz argazki handien gainetik”. Eguerdiko hamabietan abiatu da manifestazioa Ordiziako plazatik, eta bertan amaitu da herriko kaleak zeharkatu ondoren. Deialdiari jarraituz, ehunka lagunek egin dute bat LABen aldarrikapenarekin. Usua Lasak amaierako ekitaldian azaldu bezala “negoziazio kolektiboaren eta lan baldintzen defentsan, lan harremanetarako euskal esparruaren alde eta erabakitzeko eskubidea” aldarrikatzeko eguna izan da gaurkoa.
Langileak “bizi dugun iruzur handia” salatzera irten direla azaldu du Lasak; “krisia lehertu zenean, inork ez zuen ardurarik hartu, guztiok eginez arduradun eta erantzule”, esan du. Hala, krisitik ateratzeko guztion ahalegina beharrezko dela diotenei erantzunez adierazi du aberatsak aberatsago egin direla, pobreak pobreago eta tartekoak bitarteko gutxiagorekin daudela.
“Gaur iruzur berriekin datoz. Lehena, hazkunde ekonomikoaren iruzurra. Eta bigarrena, erabakitzeko eskubidearekin egin nahi diguten iruzurra”, esan du Lasak. Hala, aldaketen garaia dela nabarmendu nahi izan du LABeko ordezkariak, “gakoa erabakiak nork hartzen dituen eta non hartzen diren da”. Intenbide “propio” bat eskatu du, “burujabetza prozesu bat”: “Burujabetza ekonomikoa, soziala eta politikoa aldarrikatzen dugu. Eta ez da etorkizunari begira egiten dugun aldarrikapena, momentu historiko honi aurre egiteko bidea dela planteatzen dugu. Guarko egoera larriari buelta ematea ekarriko duen hautu politiko bakarra dela uste dugu”.
Horregatik guztiagatik, bailarako langile guztiei deia luzatu die LABeko ordezkariak “prozesuan murgildu eta gaurdanik Euskal Herri euskalduna, parekidea, independientea eta sozialista eraikitzen hasteko”.
Elkarlanean aritu ondoren, Goierriko Sortu eta Ernaiko kideak ere Ordiziako ekitaldian izan dira.