Gazta izango da protagonista igandean Idiazabalen
Urtero bezala, maiatzeko lehenengo igandean hitzordu garrantzitsua izango dute gaztazaleek Idiazabalen. Goizeko hamarretan irekiko da azoka, eta goiz osoan gazta dastatzeko aukera izango da. Hain zuzen ere, astelehenean, Gazta Eguna aurkezteko egindako prentsaurrekoan, Ioritz Imaz alkateak 500 bat gazta kilo izango direla dastagai adierazi zuen.
Dastatzeaz gain, gazta baloratzeko parada ere izango da igandean Idiazbalen. Aurten ere, herriko gazta txapelketa antolatu dute. Edizio honetan, 24 gazta inguru jarriko dira lehian, eta bertaratuek gazta horiek probatu, eta gustukoena bozkatu ahal izango dute.
Bestalde, urtero omendu ohi dute artzaintzan lan oparoa egindako herritarren bat, eta aurten, Joxe Mari Lizarralde, Atxisain baserriko artzaina, izango da omendua.
Igandea izango bada ere egun nagusia, Gazta Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiak ez dira egun horretara mugatuko, aurrez ere, artzaintza eta gaztagintzari buruzko ekitaldi ugari antolatu dituzte.
Lehena asteartean Javier Jauregik egindako hitzaldia izan zen. Jauregi Idiazabalgo Lehen Sektoreko dinamizatzailea da, eta hitzaldian, ardi latxa eta mendiko artzaintzari buruz hitz egin zuen.
Ostiralean eta larunbatean jarraituko dute ekitaldiekin.Ostiralean, artzainen jarduna izango dute aztergai; egun osoan, artzaintzaren inguruko jardunaldi teknikoak izango dira, eta zenbait hitzaldi egingo dituzte. Bestalde, arratsaldean, XV. mami txapelketa egingo da.
Larunbatean, berriz, gaztagintzak izango du protagonismoa. Goizean, gaztandegietan ate irekiak izango dira, eta arratsaldean, Segurako Ondarre gaztandegira irteera egingo da. Bisita hori egiten dutenak oinez itzuliko dira Idiazabala GR 283 Gaztaren ibilbidetik. Eguna bukatzeko, gaztarekin eta sagardoarekin egindako produktu dastaketa izango da plazan.