Udaberriko jakien aukera zabala ferian
Mahaiz mahai ibilita, gustagarria egiten da azokako postuek garai honetan izaten duten produktuen eskaintza. Horien adibide dugu batetik ilarrak edo baba berria; ia postu guztietan eta ugari ikusten da. Patata berria ere atzoz geroztik eros daiteke; negutegikoa da goizeko patata hau, eder askoa; 2 eta 3 euro artean salgai jarri dute kiloa. Lehen baratxuri buru freskoak ere ekartzen hasi dira. Sortaka ditugu aukeran tipulina edota baratxuri freskoa, denak ere udaberriko gustuak.
Eta udaberriaz ari garenez gero, ezin ahaztu zizak ere; orain arteko kopururik handiena zen atzo salgai: 380 kilo batu genituen denera, kilo bakoitza 14 eta 35 euro artean salgai.
Landareak saltzeko garai aproposa izanik ere eguraldiak lagundu ezean jai. Halaxe joan zen atzokoa, aukera aparta baina erosle askorik ez. Eskaintzari bi berri gehitu behar dizkiogu, hemen ez bada ohikoa ere, meloia eta angurria edo sandia landarea 0,50an eros daitezke. Loreetan berriz, etxeko poza (impatiens) hasi da, bai sinplea (euro batean) eta bai bikoitza (3 euroan).
Arkumeen garaia aurrera doa
Oraindik neguko artegietako lanak bukatu ez badituzte ere, gaurko Aralarko Larreen irekitzearekin esan daiteke goiko larreetara begira jarri direla artzainak. Atzo hiru arkume saldu ziren Ordizian bertan (3,50 euroan kiloa) eta etxez etxeko bilketa laster bukatutzat emango dute. Aldiz egindako gazten eskaintza eskura dugu urte guztian zehar eta bereziki Idiazabalen, igandean egingo den festan. Hilabete guztian izan da hautatutako produktua ferian, atzo Leitzako Gorritz gazta zen eskaintzen zena, Joxe Jabier Sestorain artzainak egina.
12 hilabete, 12 produktu
Eta hautatutako produktuez ari garenez, ezin aipatu gabe utzi duela bi hilabete martxan jarri zen 12 hilabete, 12 produktu ekimena. Hilabete honetan gazta izanda protagonista eta hilabeteko azken asteazkenean, produktu horri lotutako erakustaldi gastronomikoa egin ohi da plazan bertan. Atzo Ane Otegi, Aramako Toki Alai Jatetxeko sukaldaria izan zen 11:00taik 12:00etara, Artzaiaren Idiazabal gazta zuelarik jaki izarra.
Datorren hilabetean Nafarroako zainzuriak hartuko du protagonismoa.
- Aste honetako prezioak