Leku publikoetan desfibriladoreak jartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk osasun alorretik kanpoko leku publikoetan desfibriladoreak jartzea adostu dute Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Halaber, desfibriladoreen erabilera derrigortzeko eta erregulatzeko araudia sortu behara dagoela adierazi dute, eta Eusko Jaurlaritzari, diputazio eta udalekin lankidetzan, horretarako neurriak har ditzala galde egin diote
EH Bilduk atzo legez besteko proposamena aurkeztu zuen desfibriladoreak leku publikoetan jartzeko, eta EAJren eta PSE-EEren babesarekin atera zen aurrera. Horrez gain, EH Bilduk prestakuntzaren aldeko deia egin du, berehalako heriotza gehien etxebizitza pribatuetan gertatzen direla ohartarazita.
Era berean, hiru alderdiek adostutako testuan, ohitura osasuntsuak sustatzeko beharra nabarmendu dute, eta Iñigo Urkulluren gobernuari babes pertsonalerako oinarrizko kontzeptuak hezkuntza curriculumean, kirolean eta eremu sozialen txertatzea exijitu diote.
Joan den otsailaren 2an Urtzi Gurrutxaga Ormaiztegiko futbolari gaztearen heriotzak desfibriladoreen inguruko eztabaida berpiztu zuen. Gurrutxagaren familiak, gainera, 116.000 sinadura bildu zituen desfibriladoreak kirol instalakuntza guztietan derrigorrezkoak izan zitezela eskatzeko.
«Konponbiderantz pausoa»
Joan den otsailaren 2an, Urtzi Gurrutxaga Ormaiztegiko futbolari gaztearen heriotzak denen ahotan jarri zuen desfibriladoreen inguruko eztabaida. Gaztearen familiak 116.000 sinadura bildu zituen desfibriladoreak kirol instalakuntza guztietan derrigorrezkoak izan zitezela eskatzeko.
Enetz Gurrutxaga pozik agertu da erabakiaren berri izatean «orain, egoera hau asimilatuta eta atzera begiratuta, egindako lana emaitzak izaten ari dela ikusten dugu, beraz, pozik gaude» . Nolanahi ere, ormaiztegiarrak kanpainari ekion ziotenean «egoera latza» bizi izan zutela azaldu du, eta euren buruari «askotan» galdetu ziotela «merezi al zuen».
Gurrutxagak «aparatu horiek izate hutsak» ez duela arazoa konponduko esan du, eta txikitatik horrelako egoera baten aurrean zer egin irakastearen garrantzia azpimarratu du. Edonola ere, hori lortzeko urteteetako lana beharko dela azaldu du, eta legebiltzarraren erabakia baloratu du konponbidera iristeko «urrats txiki bat» eman dela esanda.