Haurren karting kopa Iraia Otxoak eta Aitor Zabaletak irabazi dute, Olaberrian
Larunbatean jokatu zen Olaberriko zirkuituan Gipuzkoa osoko eskola-umeentzat zuzendutako Foru Aldundiaren VIII. Karting Kopa. 47 gidari aritu dira, 1998 eta 2001 urteen artean jaiotakoak —bi horiek barne—. Iraia Otxoak nesketan eta Aitor Zabaletak mutiletan irabazi dute.
Aldundia 2007an hasi zen txapelketa hori antolatzen, 13 eta 16 urte arteko nerabeentzat. Ehunka neska-mutiko jarri dira, urte hauetan guztietan, kart baten bolantean. Vilariño Motorsport zirkuituaren kudeatzailearen eskutik, larunbatean ere gidaritza eskola jaso zuten. 200 zentimetro kuboko motordun ibilgailuak erabili zituzten.
Bira 49 segundoren azpitik
Partaideek «maila oso altua» zutela azaldu du egoitza Olaberrian duen eskuderiak. Lasterketa bera irabazteaz gain, bira azkarrera nork egin ere neurtu dute.
Mutilen artean, Zabaletaren ondoren Ander Zubillaga (4,74ra) eta Ander Osoro (5,05era) sailkatu dira. «Lehendabiziko lau postuetako gidariek zirkuituari buelta 49 segundoren azpitik emanez ibili dira, duten kalitatearen adierazgarri», azaldu dute antolatzaileek. Finalean bira azkarrena Zubillagak lortu zuen, 48,546 segundorekin; sailkatze probetan Zabaletak, 47,94 segundorekin.
Eguraldi eguzkitsuarekin, aurrena hamabiko multzoetan banatuta entrenamendu saioak egin zituzten, eta denboren arabera jokatu dituzte finalak.