
Legorretako herri zinema Salbatore elizaren eranskin batean dago, eta plazatik eskuin aldeko ertzetik du sarrera. Aspalditik du udalak hura berritzeko asmoa, eta azken urteetan diru poltsa bat osatzen joan da. Orain, inbertsioari ekiteko nahikoa funts badagoela eta —aurtengo udal aurrekontuan 103.330 euro bereizi ditu, eta iazko kontuen likidaziotik 780.850 euro geratu dira—, nola berritu eta zer azpiegitura eraiki erabakitzen hastera doaz.
Herritarrekin batera landuko dute udal agintariek eta teknikariek gaia. Parte-hartze prozesu bat abiatuko du, bihar. Bi bilera egingo dituzte herritarrei irekita: bihar eta maiatzaren 15ean, 19:00etan biak, udaletxean. «Denon artean erabaki beharko dugu zer egin nahi dugun herri zinemarekin», azaldu du udalak.
Legorretar norbanakoez gain, herriko eragileak eta elkarteak ere gonbidatu ditu batzarretara. Haien iritzia «ezinbesteko» jo du udalak, «antzokiari bizia emateko». Parte-hartze prozesurako, hasiera batean, bi saio aurreikusten dituzte, eta bilera horien ondorioen arabera bideratuko dute hurrengo fasea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Itten enpresa publikoak lagunduko du dinamikan. Lekuaren izaera eta xehetasunak prozesuan landuko badituzte ere, udalak hainbat irizpide eman ditu, azpiegitura horrek nolakoa beharko lukeen aurreratuz. Aretoa dagoen lekuan «denon baliorako izango den eraikin bat» gauzatzea da udalaren nahia.
Espazio dinamikoa
«Gure iritzirako, herri zinemaren espazioak abantaila asko eman ditzake, baina ez da gure nahia makroproiektu bat egitea, baizik eta herritarren beharrak neurtu eta horiei irtenbidea ematea. Beti ere espazio dinamikoa bilatuz eta ez hutsik egongo diren aretoak», dio udalak.
Urtean zehar dezente erabiltzen da zinema-aretoa. «Haurrentzat zinema emanaldiak udazkenetik udaberrira igandeetan, garai batean ostegunetan zine-kluba ere izaten zen, musika eskolaren kontzertua, eskolaren kurtso amaierakoa, Olentzero etorri ohi da urtero abenduaren 24an, zenbait bilera, antzerki emanaldiak, antzerki topaketa ekainean… Asko erabiltzen da, bai. Musika talde pare batek entseguak ere egiten dituzte han», dio Jesus Mari Arrizabalaga kultura dinamizatzaileak.
Aspaldi eraikia da, eta orain 25 bat urte berreraikia. Elizaren jabetzatik udalarenera orduan pasatu zen. Edukieraz, guztira 274 eserleku ditu antzokian: behean 189 toki eta goian 75.
Udalak ez ezik, legorretarrek ere herri zinema berritu beharra lehenetsi dute, inbertsioetarako zer obra landuko lituzketen galdetu ondoren. Martxoan zabaldu zuen inkesta udalak, ekonomikoki «inbertsio batzuk egiteko moduan» aurkitzen dela eta, herritarrei iritzia galdetzeko. Zerrendan Legorretan dauden «hainbat behar» eman zitzaizkien, eta lehentasunezkoak markatzeko eskatu zioten jendeari.
Inkesta «ehun bat» legorretarrek bete zuten, eta %44,16k herri zinema berritzea eta han «kultur gune berria sortzea» jo dute lehentasun handienekotzat. Ondoren, Kale Nagusiko zorua konpontzea geratu da inbertsioen lehentasunen zerrendan, %18,18ko botoekin.
Beste beharrak, ahal denean
Bidarte auzoan ur zikinen saneamendu sarea konpontzeak eta uholdeen arazoak gainditzeko jarduerak egiteak %12,99ko babesa lortu zuen; Legorretazahar auzora ura eramateak %9,09koa, hilerriko bidea konpontzeak eta kolunbario berriak egiteak %5,19koa, eta Ibaiondo pasealekuko zorua berritzeak %3,9koa.
Udalak sei aukera horiek eskaini zituen inkestan, baina horiez gain beste behar batzuk adierazteko gonbita ere egiten zen gutunean. «Argi dago guztion nahia dela udal zinemarekin denon baliorako izango den eraikin bat gauzatzea», ondorioztatu du udalak. Beste egitekoak ere ezin direla «ahaztu» esan du udalak, eta aurrekontuaren arabera egiteko konpromisoa hartu du.
Orain, bihartik aurrera, herri zinemari iritsi zaio txanda.