Herriartekoaren lilura hastera doa
Herriartekoa 1968an hasi zenetik, 15. parte-hartzea izango du aurten Ataunek. Lehen bi urteetan aritu ondoren, 1999an ekin zion berriz orain arte oparo doan bigarren aroari. Azkeneko 16 urteotan hiru alditan bakarrik huts egin du, parte hartu gabe. Herriartekoko historikoetako bat den Elgoibarri —40 urtean parte hartu du, nahiz txapelik irabazi ez— aurre egin beharko dio: bihar Ataungo kiroldegian, eta hurrengo ostiralean Elgoibar ikastolako frontoian.
Une gozoa du pilotak gaur egun Ataunen, bai zaletasun aldetik, bai pilotarien mailarenetik. «Afizioa momentuan badago. Giro alaia izango dela espero dugu biharko jaialdian. Pilota eskolakoak eta larriak, denak hurbilduko dira», dio Ataungo taldeko arduradunetako Amaia Albisuk.
Ataunen herriko 11 denda, enpresa eta negoziok eta eskualdeko bi kooperatibak lagundu dute Herriarteko taldea ateratzen. Pilota jaialdian bertako jakien saskikada bat zozkatuko dute.
Kirol arloan, «partida denak ondo joatea eta inork minik ez hartzea» dira, besteak beste, helburutzat jarri dituztenak.
Taldea osatzerakoan, zailtasun handiena kadeteetan izan dute. «Bat dugu, Iraitz Zubizarreta, baina gehiago ez. Lehen pilotan ibili ziren bi laguni eman diegu aukera», dio Albisuk.
Jubeniletan eta seniorretan ez dute eragozpenik izan. Pilotan denbora dezente daramatenak ditu Ataunek. Larrietan, Jon Arratibel sartu dute, iaz bezala, ordezko modura. «Lehen Jon Ander Albisurekin ibilia da, afizionatuetan partida asko jokatutakoa. Iaz ere jokatu zuen, eta uste baino hobeto eta gustura aritu zela zigun».
Senior mailan puntako hiru pilotari ditu Ataunek: Ibai Arratibel, Aimar Zaldua eta Jon Arratibel. Jubeniletan Aitor Azkonobietak, Xabier Regilek eta Iñigo Zabalak jokatuko dute, eta kadeteetan Asier Altunak, Jon Olanok eta Iraitz Zubizarretak.
Jaialdia bihar 22:00etan hasiko da, Auzoeta kiroldegian. Gazteenetik zaharrenetara jokatuko dituzte hiru partidak.
Palan hiru ordezkari
Sendo jarraitzen duen beste atala palarena da. Iazko herri kopurua aterako da aurten ere Goierritik, hiru talde: Olaberria txapeldunordea, Lazkao eta Ordizia. Eskukoek baino astebete geroago hasiko dute palariek Herriartekoa, hurrengo asteburuan. Denera zortzi taldek izena ematen dutenez, final-laurdenetan sartuko dira guztiak lehian.
Faboritoen zerrendan Olaberria kontuan hartu beharko da, beste behin. Guztira bost txapela ditu, eta iazko bigarren postua. Andoainek menperatu zuen, 0 eta 2, Atano III.a frontoian (Donostia) jokatutako finalean.
Kanporaketen adar batean Donostia-Lazkao norgehiagoka egokitu da, zozketaz. Errenteria-Andoain parekatzetik irteten den garailearekin jokatuko dute adar honetako finalaurrekoa. Beste aldean, Oiartzun-Olaberria eta Ordizia-Deba dira kanporaketak.
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketak bihar ekingo dio aurtengo lehiari. Herrialdeko herri mailako pilota lehiaketa garrantzitsuena da, zaletuen eta herritarren arreta ohi baino gehiago erakartzen duena. Aurtengo Herriartekorako eskuko lehian 23 herrik eman dute izena, horietatik lau Goierrikoak. Palakoan zortzi (hiru Goierriko), eta zestan lau (batere ez eskualdekorik).
Eskuzko ataleko final hamaseirenetako joaneko partidekin hasiko da lehiaketa goierritarrentzat, Ataunekin. Auzoeta kiroldegian jokatuko dute, bihar, Elgoibarren aurka.
Eskuzko modalitatean iazko partaidetza mantendua zuen, teorian, Goierrik. Lau herrik emana zuten izena, baina horietako bat erori da jokotik, lehiaketa hasterako: Zaldibia. Taldea ezin izan dute osatu. «Kadete mailako pilotari batek min hartu du azken egunetan, eta ordezkoaren fitxa ezin izan dute garaiz atera. Pena da, baina ezin izan da», azaldu du Iñaki Elizegi zaldibiarrak.
Zaldibia Zumarragarekin zen jokatzekoa aurreneko kanporaketa, eta erretiratu denez, zumarragarrek egin dute aurrera. Final zortzirenetan Oiartzunen aurka jokatuko dute, maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean. Iazko Herriartekoaren txapelduna da Oiartzun, eskuan.
Laugarren talde goierritarra Beasain da. Txapelketaren bigarren koskan sartuko da lehian, final zortzirenetan. Zestoaren eta Larate-Oriaren arteko irabazlea hartuko du. Iaz final-laurdenetara iritsi zen Beasain, baina pilotarien lesioengatik utzi egin behar izan zuen lehiaketa, Azkoitiaren aurkako kanporaketan 2-1 aldeko zeukanean. Itzuliko jardunaldia ez zuen jokatu.
Ataun, jokoan hasten lehena