Gabiriako Irakurle Txokoak bihar egingo du lehenengo saioa
Bihar bilduko dira lehen aldiz Gabiriako Irakurle Txokoko partaideak. Saioa 17:00etan izango da Kultur Etxean, eta Aztiri herriko idazlearen Euskal Baserriaren inguruan liburua ardatz hartuta, solasaldi atsegina izatea espero dute.
Marian Bidegain Gabiriako Euskara eta Kultura batzordeko kideak betidanik izan du herrian Irakurle Txokoa sortzeko grina. Irakurle sutsua da, eta gainera, irakurle txokoak ondo ezagutzen ditu «Lazkaokoa oso gertutik ezagutzen dut, eta xumeago bada ere, Gabirian taldea sortu nahinuen».
Proposamenak oso harrera ona izan zuen batzordean; hurrengo pausoa, irakurle taldetxo bat osatzea izan zen, eta ondoren, lehen saiorako zein liburu irakurri erabaki zuten.
Saioak guztientzat irekiak
Sei lagun dabiltza Gabiriako Irakurle Txokoan gidari lanak egiten, baina saioetan herritar gehiago biltzea espero dute. Izan ere, liburuen inguruan bilduko diren arren, saioetan parte hartzeko ez da nahitaezkoa liburuak irakurtzea. «Irakurri ez duen jendeak ere asko eman diezaioke taldeari. Ziur, herritar askok liburuan aipatzen diren kontuak gertutik bizi izan dituztela; gure helburua eurekin batera kontu kontari aritzea da».
Gainera, litekeena da irakurtzeko joerarik ez duten asko saioetara hurbildu, eta gero irakurtzera animatzea ere, hala balitz helburua «erabat» beteko luketela Irakurle Txokokoek adierazi du Bidegainek.
Ezezaguna, baina interesgarria
Euskal Baserriaren Inguruan liburu etnografikoa izan da lehen saiorako egindako hautua. Bidegainek aitortu duenez «zalantzak» izan zituzten, Aztiri idazlea eta bere lana ez baitira «oso ezagunak»; baina, bestalde, iaz, haren jaiotzaren mendeurrena ospatu zuten, eta horren harira, lan hori ezagutzea interesgarria izan zitekeela erabaki zuten.
Zinez, aukeraketa ona egin zutela dirudi, irakurri dutenak «harrituta eta gustura» baitaude liburuaren edukiarekin. Liburuak Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu, baina lotura berezia du Gabiriarekin. Esaterako, Bidegainek belaunaldi berriei herriko lehengo ohitura edota esamoldeak ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen diela nabarmendu du .
Aztiriren liburua etnografikoa da, horrenbestez,atalka irakur daiteke, ez baita ezinbestekoa aurrekoak irakurtzea atal bakoitza ulertzeko. Bidegainen ustez,ezaugarri horri esker, irakurzaletasunik ez duenak «aukera ona» izan dezake pausoka irakurtzen hasteko, eta irakurtzeko ohitura badutenek, berriz, «ezezaguna izan arren, pena merezi duen» idazlea ezagutuko dute.