Argindarretan indar gutxiago
Poltsikoa zimurtutakoan iritsi da argitasuna energia aurrezpenearen kontzeptura. Udalek, estuasun ekonomikoek behartuta eta gastuak murriztu beharraren beharraz, diru ugari xahutzen duen kale argiterian jarri dute begia. Gutxiago kontsumituta, argindar faktura txikiagoa. Ekologikoki ere onurak besterik ez ditu. Azkeneko sei urteotan bailarako ia herri guztietan hartu dute erabakiren bat kaleko farolen kontsumoa gutxiarazteko.
Lazkaon, adibidez, herriguneko farolen erdiak itzaltzen hasi ziren 2009an, eta gainontzekoen potentzia %30 jaisten dute, kalean jende gutxiena dabilen garaian (00:00-06:00). Herri gehienean daude lineen koadro elektrikoetan erreduktoreak ipinita. Neurketa eta azterketa bat egiteko asmoa du udalak. Ideia led teknologiara pasatzea da, baina bide batez ikusi nahi dute herria zer mailatan dagoen Eraginkortasun Energetikoaren Araudiari dagokionez.
Beasainen, Ordizian, Araman, Seguran, Ataunen, Zaldibian edo Olaberrian, batzuk aipatzearren, instalazio elektrikoak hobetu edo sistemak aldatu dituzte. Gabirian fruituak jasotzen ari dira, dagoeneko. Euskal Herrian kale argiteria sistema berritzailea instalatu zuen lehenengo herria izan zen, Izabarekin (Nafarroa) batera.
2010eko bukaeran, Luix Argiteria Sistemak enpresak proba pilotua egin zuen: gauetan, kalean jenderik ez dabilenean, argi intentsitatea jaitsi, eta hurreratze sentsore batzuen bidez inor hurbiltzen bada, argia igo. Software baten bidez, inguruko faroletan ere katea-efektua eragiten du detekzio sistemak. Led motako lanparak ere jarri zituzten, errendimendu energetikoa hobetzeko.
Plazako kale-argi gutxi batzuetan hasi zena (16 faroltan egin zuten proba), herrigune osora zabaldu dute, eta aurten auzoetan jartzeko asmoa du Gabiriako Udalak. Herrigunean 117 farolak dute Luixen sistema. Azken neurketen arabera –martxoan egina–, %82 jaitsi da argi puntu bakoitzaren energia kontsumoa.
Herriguneko farola guztiak piztuta, 2,93 kilowatteko kontsumoa eman du Gabiriako argiteriak. «Hau da, etxeko berogailu baten kontsumoarekin herri osoa argiztatzen dute», dio Luix enpresako Felix Ezkurrak. Teknologia berrituta, argi puntu baten batez besteko kontsumoa 30 wattekoa izan daiteke, intentsitatea jaitsitakoan. Lehen 170 watt ingurukoa zen, lanpararen 150 watt eta balastoaren 20 gehiago batuta.
Faktura, prezioen arabera
Martxoaren 7ko neurketa baten arabera, mugimendurik gabeko uneetan kale argiteriaren kontsumoa lau aldiz baxuagoa izan zen. Arratseko zazpietan piztu ziren kaleko argiak, eta 10 kilowatteko kontsumoa zuen herriguneko argiteria publikoak. 22:00etatik aurrera nabarmen jaitsi zen, eta gauerdian 3 kilowattean zegoen. 02:00ak aldera, une batean 2,5era ere murriztu zen. Goizeko seietatik aurrera 5 kilowattera igo zen atzera kontsumoa, kalean mugimendua nabaritu eta argi intentsitatea goratu zuelako.
Energia aurrezpenak ondorio zuzena dakar argindarra ordaindu behar denerako. Hala ere, prezioen igoerek baldintzatu dute, neurri batean, jaitsiera. Gabirian, abenduko eta urtarrileko fakturak alderatuta, faktura %60 jaitsi zuten. Koadro elektrikoetan hainbat aldaketa egin ondoren, iaztik %70-80 jaitsiko dela kalkulatu dute.
Gabiriako sistema «oso iraultzailea» izan dela dio Ezkurrak. Aurreikusita aurrezpen mailetara iristea lortu dute, energia kontsumoari dagokionez (%80-90 bitartean gutxituko zela kalkulatu zuten). «Aurrezpena lortu dugu, eta horrek gainera ez du gizartean eraginik eduki, kaleetan argi faltarik ez delako sumatzen. Sistema hau herri askotan daukagu ipinita, eta orain helburua atzerrira saltzea da, nahiz eta zaila den», dio Ezkurrak. Tecnaliaren laguntza ere izan du produktuak.
Denera 20-30 udalerritan jarri dute Luix argiteria sistema, batzuek ia herri osoan. Argitasun asko egotea segurtasunarekin lotzeko joera izan dela aitortu du Ezkurrak. «Ohituta geunden argi asko edukitzen, eta hori batzuentzat segurtasuna zen, batez ere kontzeptuagatik. Guk orain argia lurrerantz bideratzen dugu, ez zerura. Etxeen goialdeak ilun ikusten dira orain, eta zenbaitzuri horrek beldur pixka bat ematen dio. Baina lurra ikusi behar da, ez teilatua».
Kutsadura ere murriztu
Beste onura bat ere badu kaleko argiteriari intentsitatea kentzeak eta argiaren norabidea zorura bideratzeak: gaua gauago izatea. «Herrien itxura aldatzen da. Adibidez, lehen Gabiria leku askotatik ikusten zen gauez; orain ia ez, argiek ez dutelako zerua argitzen. Kutsadura luminikoa asko murrizten da. Gure aurrean onartu dute herritar batzuek aspaldian ez zutela zerura begiratu, eta orain izarrak ikusten direla. Lehen, ez».
Erakundeak geroz eta arduratuago nabaritzen ditu Ezkurrak, energia aurrezpenaren gaian. «Lehentasunen artean dauzkate oain horrelako gastuak ahal den neurrian gutxitzea. Inbertsio ahalmena argiaren kontsumoa murriztera bideratu dute askok eta askok. Errepide berriak egitea edo antzeko azpiegiturak beste urte batzuetarako uzten ari dira». Gipuzkoan eta Bizkaian ari da, batez ere, kale argiteriaren aldaketa gehien eguneratzen eta gehiegizko kontsumoa argitzen.
