
Gipuzkoako Foru Aldundiak energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko urtearen hasieran onartutako diru sailetik hamabi proiektu babestu ditu Goierrin. Udalek eremu horretan aurkeztutako proiektuen zati bat finantzatuko du, horrela. Guztira 275.000 euroko diru saila bideratu zuen aldundiak, eta Gipuzkoako udalek aurkeztutako 35 proiekturen artean banatu du.
Goierriko 12 proiektuk denera 110.925,66 euroko finantzazioa jaso dute aldundiarengandik. Udal askotan kale argiteria sistemak aldatzera joko dute, Araman edo Zaldibian, kasu.
Hiru helburu lortu nahi dira. Batetik, gaur egun argindarretan gastatzen den dirua gutxitzea, kontsumoa beheratuta. Bestetik, eraginkontarsun energetikoan aurrerapausoak ematea, teknikoki edo antolamendu aldetik hobekuntzak eginda. Azkenik, energia tokian bertan sortzeko proiektuak ere babestu ditu.
Aurtengo diru laguntzak iaz emandako Tokiko Agenda 21eko 420.000 euroko sailaren osagarri direla esan du aldundiak.
Energia aurrezteko ekinbideak Goierrin
- Arama. Kaleko argiteria guztia aldatuko dute aurten. Gabiriako eredua jarraituko dute. Led ekipamendua eta sentsore sistema izango dute. Gauean potentzia gutxiengo batean mantenduko da. Helburua %80ko energia aurrezpena da.
- Beasain. Hiru urteko epea duen plana egin du udalak, energiaren kontsumoa %42ra txikitzeko. 2010ean 1,5 milioi kilowatt kontsumitzen baziren, plana burututakoan 800.000 kilowattekoa izatea nahi da. Herri osoan argiteria bateratuko da. Kaleko farolen potentzia jaitsiko da. Inbertsioaren kostua 415.000 euro da (BEZa barne, %75 diru laguntzekin); urte eta erdian amortizatuko luke, energian aurrezten denari esker.
- Olaberria. Ihurre auzoko industria eta merkataritza guneetan kale argiak aldatu ditu udalak. Led teknologiadunak jarri dituzte, farola-hanka txikiagoekin, lurra hobeto eta energia gutxikiagorekin argitzeko.
- Segura. Argiteria publikoaren eraginkortasuna lortzeko proiektua garatuko dute. Aurrezpen energetikoa %40koa eta ekonomikoa %30ekoa izatea aurreikusi dute. Farolak estetikoki aldatuko dira, sareko koadro elektrikoak hobetuko dira, lineetan argiteria bi fasetan jarri ahal izateko aukera utziko dute, eta gauean intentsitate baxura jaitsiko dituzte argiak. 133.000 euroko kostua du inbertsioak, diru laguntzekin finantzatua.
- Zaldibia. Kale argiak intentsitatez jaits daitezkeenak jarri ditu udalak, herriko hainbat tokitan. Argiteria osoa teknologia horretakoa ipintzea da hurrengo urteetarako asmoa.