
Beasaingo Preso eta Iheslarien Lagunak taldeak antolatuta, Sagardo Eguna egingo dute Beasainen larunbat honetan. 19:00etatik aurrera Beasaingo plaza azpian hamasei etxetako sagardoa dastatzeko aukera egongo da: Usurbilgo Aginaga, Hernaniko Rufino, Alberro eta Otsua-enea, Astigarragako Artola, Rezola, Petritegi eta Lizeaga, Usurbilgo Astiazan, Urnietako Elutxeta, Astigarragako Larrarte, Zeraingo Oiharte eta Otzatza, Altzagako Olagi, Urnietako Setien eta Ataungo Urbitarte.
Edalontzia 2,50 euroren truke eskuratu ahal izango da, eta nahi adina edan ahal izango da. Edariari laguntzeko, berriz, pintxo eta anoa ezberdinak egongo dira: saihetsak, sardinak, gazta… Antolatzaileen esanetan, «dena prezio herrikoietan».
Sagardo dastaketa hasi aurretik Mantala No! bakarlari beasaindarrak eta Dizebi grafitilariak kantu eta mural berezi bat egingo dute elkarrekin, 18:00etan hasita.
Elkartasuna plazaratzeko
Sagardo Egun honen helburua «presoek kartzelan daudenean jasotzen duten elkartasunaren garrantzia zein garrantzitsua den azaltzea» dela adierazi dute antolatzaileek. Horren ingurukoa izango da kantu-murala ere. Horregatik, bertara inguratzeko deia egin dute antolatzaileek.