
Tolosako Institutuan instalazio termikoetan eta fluidoen goi mailako zikloko irakaslea da Oskar Soto beasaindarra. Etxe tresna elektrikoetan energia nola aurreztu, etxean zer sorgailu dauden, zerk sor dezakeen beroa edo faktura hobeto ulertzeko aholkuak ematen ditu, Tolosa Alkateen 2020ko Itun Europarrean sartuta dagoelako. Kontsumitzen ez den energia da ekologikoena, eta gomendio horrek etxeko kontsumorako ere balio du. Stand by moduan eduki beharrean, tresna erabat itzalita, adibidez.
Energia aurrezteko zer aholku ematen dituzue?
Etxean zer jartzea komeni den eta zer ez, adibidez. Igartza jauregian, Beasainen, azterketa bat egin genuen, baita ere. Argindarraren faktura ikaragarriak ari ziren jasotzen; irakasleak joan ginen, eta zer zuten hobetzeko aztertu genuen. Bestela, etxe bat egiten ari denak pellet-az galdetzen digu, geotermiaz…
Zein zen gakoa, bada, Igartzan?
Erabileran zegoen energia kontsumoa gutxitzeko bidea. Moldaketa batzuk ere behar ziren, instalazioa ez zegoelako behar bezala.
Kontsumoa gutxitzeko garaian, erabilera izango da giltzarria, ala?
Denek esaten dute energia berdeena kontsumitzen ez dena dela. Isolatzaile ona behar da etxean, horretan dirua gastatu behar da. Inbertsioa ikaragarria da, baina hori gero ez da kontsumitzen, ez da kutsatzailerik isurtzen eta ez da baliabiderik gastatzen.
Etxe tresna elektrikoen kontsumoa estandartua egongo da, ala?
Bai, baina badira ezustekoak. Adibidez, bitrozeramikak ez dira denak berdinak, hala badirudite ere. Stand by pilotu gorriarekin ere kontsumo ikaragarria dago, eta tresna batetik bestera alde handia dago: batzuek 10 watt kontsumitzen dute, baina beste batzuek 60 watt. Nahiz eta itzalduta egon, kontsumitzen ari dira.
Erabat itzali behar dela, alegia.
Frantzian egin zuten ikerketa batean esaten dute, tresna guztiak erabat itzaliko bagenitu stand by moduan eduki beharrean, zentral nuklear bat gelditzeko moduko kontsumoa legokeela. Tresnak edo lapur deitzen zaien elektrizitate harguneak automatikoki itzal litezke. Sukalde bitrozeramiko bat ezin da, baina orduan koadro elektrikoan jaitsi bere termikoa, adibidez, beroa alferrik ematen segi ez dezan.
Energia kontsumoaren gaia hezkuntzan ere tokia hartzen ari da. Zuen zerbitzua da horren erakusgarri.
Zerbitzua baino gehiago, gure eginkizuna hezkuntza da. Horrek balio digu errealitatetik gertu egoteko. Gure zerbitzu nagusia irakastea da. Ez dugu kobratzen ezer.
Nori ematen dizkiezue aholkuak?
Norbanakoren bat baldin badator, ematen dizkiogu. Bestela, ikasleekin lantzen dugu etxeko tresnetan nola aurreztu energia. Instalazio Termikoak eta Fluidodunen Mantentzea izena du goi mailako zikloak. Enpresa pribatu batek aholkua ematen badizu, normalean eurek saltzeko edo euren intereserako izaten da. Eskolak independentzia hori dauka.