«Filmak jatorrizko bertsioan ikustea oso aberasgarria dela uste dut»
Eli Lopez de Munain (Urretxu, 1985) Ormaiztegiko Kultura teknikaria da. Besteak beste, herrian kultura jarduerak antolatzeaz arduratzen da, eta aurten, lehen aldiz, bi zinema alternatibo ziklo antolatu ditu.
Lopez de Munain zinema alternatibo zalea da, ezagutzen du film mota hori, eta pertsonalki oso aberasgarria iruditzen zaio. Orain, ormaiztegiarrei luzatu die pelikula mota horiek ezagutzeko aukera, eta zinez, pelikula emanaldietara hurbiltzen direnek berak adina gozatzea espero du.
Nolatan erabaki zenuten zine zikloak antolatzea?
Herrian ez dago zinema emanaldiak egiteko ohiturarik, beraz, proba moduan zerbait egitea pentsatu genuen; herrian filmak ikusteko interesik badagoen jakin nahi genuen.
Zergatik zinema alternatiboa?
Jendeak badu film komertzialak ikusteko aukera inguruko herrietan, beraz, aukera ezberdin bat eskaini nahi izan dugu. Horrez gain, zine komertzialak duen kostua ere baloratu genuen; zikloak harrera ona izango duela ziurtatu gabe kostu handiegia izango luke. Baina interesa balego planteatuko litzateke.
Gainera, Donostiako Victoria Eugenian zine alternatiboa emanateko proiektu bat dago. Eusko Jaurlaritzak filmen banaketa eskubideen kostuarekin laguntzen du, beraz, proba moduan film alternatiboak ematea egokia izan zitekeela pentsatu genuen.
Beste herriren bateko ereduari erreparatu zenioten?
Bai. Ni hemen lanean hasi nintzenean, dagoeneko ari ziren zinema zikloaren ideia baloratzen, eta beste herri batzuetan egiten zena aztertu genuen, Soraluzen (Gipuzkoa) egiten diren zinema alternatibo emanaldiak, edota Zumarragako zine klubaren emanaldiak, kasu. Baina herri handiagoak dira horiek, beste baliabide batzuk dituzte. Guk ideia gorde genuen; baina gure baliabideetara moldatzen saiatu ginen.
Noiz ekin zenioten zikloari?
Aurtengo martxoan egin genuen lehena, eta hiru ostegunetan eman genituen filmak. Emakumeen Nazioarteko Egunerako jarri ginen proiektuarekin harremanetan, eta esan ziguten urte osoan izaten dituztela filmak; hori jakinda, emanaldi gehiago antolatzea erabaki genuen.
Bigarren ziklo hau bukatzen denan, hilaren bukaera aldera, bi zikloetako emaitzak baloratuko ditugu, eta planteatuko dugu merezi al duen jarraitzea ala hobe den beste mota bateko ekitaldiren bat egitea hurrengo batean.
Jendea ohituta al dago filmak azpitituluekin ikustera?
Orokorrean bikoiztutako filmak ikustera ohitu garela esango nuke, eta litekeena da zenbaitek beldurra izatea pelikulak jatorrizko bertsioan ikusteari. Niri betidanik gustatu izan zait, itzultzean beti galtzen baitira jatorrizko hizkuntzan egindako hitz-jokoak, esaterako.
Zer jakin behar du jendeak filmak azpitituluekin ikustera anima dadin?
Alde batetik azpitituluak irakurtzeko denbora ematen duela, horrenbestez, jatorrizko hizkuntza ulertu ez arren, ez dagoela arazorik. Era berean, oso positiboa da hizkuntza lantzeko; filmeko hizkuntza pixka bat badakien jendearentzat oso ona da belarria lantzeko. Nahiz eta hizkuntza ez jakin, ez da arazorik izaten, azpitituluak irakurtzeko nahiko denbora izaten baita. Eta, gainera, ez dago denbora guztian, irakurtzen aritu beharrik, filmaz gozatu ezinda; irudiek laguntzen dute, eta erraza da filmean barneratzea. Beldurra galtzea da gakoa; hemen ez gaude ohituta, baina filmak jatorrizko bertsioan ikustea oso aberasgarria da.
Sare sozialak erabili dituzue jendearen parte hartzea sustatzeko.
Bai, Facebook oso baliagarria izan da. Inkesta bat egin genuen sare sozial horren bidez, filmeen generoa, eta emanaldien ordua eta eguna aukeratzeko. Modu anonimoan har zitekeen parte, eta jendea animatu da iritzia ematera; hala, gehiengoak ostiralean izatea eskatu zuen, eta orduari dagokionez, 21:00etan eta 22:00etan egiteko eskaera kopuru bera jaso genuen; azkenean, 22:00etan jarri ditugu emanaldiak.
Nori dago zuzendua, batik bat?
Gehien bat helduei. Guraso elkarteak antolatu izan ditu pelikula emanaldiak haurrentzat; oraingoan, helduentzako ekintza interesgarri bat antolatzea pentsatu genuen. Helduak aipatzean, 16 urtetik gorakoez ari naiz. Izan ere, filmak alternatiboak badira, baina ez dira kultukoak, mutuak edo arraroegiak. Film hauek edozein zinema aretotan ikusi ahal izango genituzke bikoiztuta baleude; ez dira askok uste lezaketen bezain pelikula zailak.
No more tour filma izan zenuten joan den astean, Hanna Arendt emango duzue bihar, eta Le capital datorren astean. Zergatik film horiek?
Facebook bidez egindako inkestan zer generotako pelikulak ikusi nahiko lituzketen galdetu genuen,eta gehienek gai ugaritako filmak ekartzeko eskatu zuten. Ezaugarri horretatik abiatuta, nahiko film berriak ekarri ditugu; 2012koak eta 2013koak dira. Donostian Giza Eskubideen jaialdia egin zenean estreinatu ziren, ez jaialdian bertan, baina bai garai berean jaialdiarekiko paraleloan; beraz, filmeek gaurkotasuna dute, eta, gainera, gai aldetik ere interesgarriak dira.
Bestalde, saiatu gara pelikula ulergaitzak ez ekartzen, eta hizkuntza aldetik ere ez ditugu adibidez armenierazko filmak ekarri; frantsesez, ingelesez edota katalanez grabatutakoak ekarri ditugu.
Zer esango zenioke jendeari film emanaldietara joatera anima dadin?
Egunerokotasunean murgilduta gaude, eta kosta egiten zaigu ekintza kulturaletara hurbiltzea; emanaldi hauetan, baina, erraz har dezakete parte herritarrek. Zinema alternatiboak beldurra eragin dezake, baina ezagutuz gero, ezusteko onak emango dizkie askori.
Halaber, herritarren iritzia entzun nahi dugu, horren arabera antolatzeko ekintzak; horregatik, jendea hurbiltzera animatzen dut, filmaz gozatuko dutelako batetik, eta ikusitakoaren arabera iradokizunak egin ahal izango dituelako bestetik. Parte hartu ezean, eta iradokizunak egin ezean, zaila da guretzat herritarren gustuko programazioa egitea; beraz, anima daitezela parte hartzera. Jendea ekintza berrietara hurbiltzea eta ekintza horietan gozatzea gustatuko litzaidake.