Taldeko kideak garaipena ospatzen. / Estanda Ordizia
Lehen mailara igotzeko azken txanpan sartuta, jokatu beharreko bi partidetatik lehena garaipenarekin amaitu du Estanda Ordiziak. Rubi talde kataluniarraren aurka neurtu zituzten indarrak Ordiziako neskek kanporaketako joanekoan Majorin bertan.
Norgehiagoka parekatua izan zen, etxekoak indartsu hasi baziren ere, kataluniarrek abiadura handiz jokatu zuten. Zorrotz aritu ziren Estandakoak defentsan. Lehen aukera garbian, Maite Gonzalezek baloia sarera bidaltzea lortu zuen markagailuan aurre hartuz.
Bigarren zatian ere pareko aritu ziren bi taldeak, etxekoen atera inguratuz joan ondoren, Maria Bente kataluniarrak berdintzea lortu zuen. Maite Gonzalez Ordiziako kapitainak, baina, beste bi gol lortu zituen. Rubiko neskak azken unean ere gogor ahalegindu baziren ere, etxekoek emaitzari eusten jakin zuten.
Giro bikainean jokatu zen partida Majori kiroldegian. 600 lagun inguru gerturatu ziren bertara taldea animatzera, une horretarako prestatutako elastiko urdinak eskuratu zituen jendeak. Atsedenean urdaiazpiko baten zozketa ere egin zuten ikusleen artean.
Datorren asteburuan jokatuko dute joaneko partida Bartzelonan (Herrialde Katalanak); abantailarekin egingo diote aurre kanporaketaren bigarren zatiari ordiziarrek.