Izaskun Zubiaur euskara teknikaria eta Maitane Legarreta AEK-ko ordezkaria.
Goierriko Goiztiri AEK-k, Ordiziako Udalaren laguntzaz, urtero antolatzen duen txiste eta pasadizo idatzien lehiaketak ibilbide luzea du. Azken edizioetan 100 txiste edo pasadizotik gora jaso dituzte. Guzti horiek ahazturan eror ez daitezen, liburuxka batean bildu dituzte. Bertan daude 2008tik 2013 arte saritutako txiste guztiak, denera 18.
Atzo aurkeztu zuten liburuxka AEK-k Ordizian duen egoitzan Maitane Legarreta AEK-ko ordezkariak eta Izaskun Zubiaur Ordiziako Euskara Saileko teknikariak. Euskaltegiko ikasleei zein mintzalagunei banatuko diete liburuxka; era berean, ikastetxeetako eta udal liburutegietara ere eramango dute.
Urteroko gisan, aurten ere prest dute dagoeneko XXIII. Euskarazko txiste eta pasadizo idatzien lehiaketa. Maiatzaren 31 arte aurkeztu ahal izango dira idatziak AEKren Beasaingo edo Ordiziako bulegoetan nahiz emailez
goierri@aek.org helbidera idatziz. 16 urtetik gorako edonork har dezake parte eta epaimahaia euskaltegiko ikasle eta irakasleek osatuko dute.
Irabazleek ekainean egingo den sari banaketan kontatuko dituzte euren txiste edo pasadizoak. Sariak ere izango dituzte; lehenengoarentzat bost lagunentzako afaria Urbitarte sagardotegian; bigarrenarentzat bi lagunentzako afaria, gaueko egonaldia eta gosaria Zeraingo Oiharten; eta hiruarrenarentzat, tableta bat.