Iñaki Beitia urratsetan
Arratsaldeko zazpiak inguru dira, eta 18. Iñaki Beitiaren Mendi Martxaren egunerako aste eta erdi geratzen da. Antolatzaileak tantak bezala iristen dira bilerara, poliki; halere, batek ere ez du hutsik egiten. Diren gehienak bildu dira Goierri elkartearen egoitzara. Bilera hasi aurretik atzera doaz denboran, Iñaki Beitia laguna galdu zuten 1996eko uztailera arte. Orduan sentitu zuten minaren errautsetatik sortu zuten haren omenezko mendi martxa; aurtengoa etzi izango da.
Arratsaldeko zazpiak inguru dira, eta 18. Iñaki Beitiaren Mendi Martxaren egunerako aste eta erdi geratzen da. Antolatzaileak tantak bezala iristen dira bilerara, poliki; halere, batek ere ez du hutsik egiten. Diren gehienak bildu dira Goierri elkartearen egoitzara. Bilera hasi aurretik atzera doaz denboran, Iñaki Beitia laguna galdu zuten 1996eko uztailera arte. Orduan sentitu zuten minaren errautsetatik sortu zuten haren omenezko mendi martxa; aurtengoa etzi izango da.
Ostadar mendi taldea, Zintzo Mintzo euskaltzale elkartea, Urretxu-Zumarragako Ikastola, Goierri kirol elkartea eta Lekaio kultur elkarteko ordezkariak dira mahairen bueltan elkartu direnak. Elkarte horietan guztietan aritu zen Beitia, eta Jexux Mari Garralda antolatzailearen hitzetan, denak «batzen» dituena «Iñaki da». Gertu-gertuko laguna zuen Hilario Aranburuk, eta dioenez, «saltsero hutsa zen». Elkarri hitza kenduta Beitiaren saltsero sen hori azaldu dute: txirrindu probatan esatari lanak egiten zituen, Euskal Jaian aritzen zen, zinegotzia izan zen… eta oso ezaguna zen Urretxun eta Zumarragan. Eta ezaguna izateaz gain, «maitagarria» ere bazela esan du Jabi Etxanizek: «Horregatik gaude hemen», zehaztu du.
Beitiaren izaera horren gerizpean bere izena duen mendi martxa hazi egin da hemezortzi urte hauetan. Luis Albisuak martxa egiteko lehen urratsak gogoratu ditu: «Argazki lehiaketa bat antolatzea pentsatu genuen, baina bera ez zen argazki zalea eta zentzurik ez zuen. Garai hartan ez zen mendi martxa askorik egiten, eta hortik jotzea erabaki genuen, Iñaki mendizalea zelako». Beitiaren lagunak lanean hasi ziren, Ikastolako lankideekin, Alex Orbegozorekin, Hilario Aranbururekin…
Ibilbide luzeko martxa
1997tik urtero egin dute Beitiaren omenezko martxa. Maila xumean hasi baziren ere, eta lehenengoa oso ongi atera zela diote denek aho batez. Albisuaren esanetan, «partaidetza ona izan zen eta lan aldetik hainbestekoa ez zela izan iruditu zitzaigun. Urtero egingo genuela erabaki genuen orduan».
Ibilbide luzea eta motza egin izan dituzte. Hasieran luzean mendizale gehiagok parte hartzen zuen eta denborarekin joera aldatu egin zen, eta ibilbideak ere aldatuz joan dira antolaketa taldera mendizale gehiago batu den adinean. Lehenengo martxan 170 bat lagunek parte hartu zuen; orduz geroztik parte-hartze handiena izan duen martxan 1.500 bat lagunek parte hartu dute.
«Iñakik berak batzen gaitu hemen
gauden antolatzaile guztiak»
Jexux Mari Garralda (Antolatzailea)«Martxa herrikoiaren ukitua denborarekin
hartu du, guk ez genuen horrela pentsatu»
Jabi Etxaniz (Antolatzailea)
Etxanizek dioenez, «hasieratik ibilbide luzeko martxa bat antolatu nahi genuen, ez martxa herrikoi bat, umeak eramatekoa, alegia. Ukitu hori denborarekin hartu du, ez guk horrela pentsatu genuelako». Garraldak gehitu duenez, ordea, herriko jendeak parte hartzea nahi zuten eta horregatik ibilbide laburraren aukera eman zuten. Sekula ez da lehiatzeko martxa bat izan; asko jota beste probaren bat prestatzeko erabili ohi izan du baten batek.
Egun ibilbide bakarra egiten dute eta hala izango da etzikoa. Antolaketa lanak erraztekoegin zuten aldaketa eta mendi ibilbide guztiak eginda zeudelako. Orain mendi martxan 32 kilometro inguruko ibilbidea egiten da, eta laburtzeko aukera bat baino gehiago dago.
Martxan honi arrakastak segitzen dio. Arrakasta baita martxa bakoitza elkarte hauen guztien arteko elkarlanaren emaitza, herritarrengan eragin duen mendi gogoa, kanpotik erakarri dituen guztiak. Arrakastaren giltza beraiek dira, Iñaki Beitia eurek gordetzen dutelako.
Aizpurutxon sortu zen Beitia, eta han egiten dute urtero lehenengo bilera
Aizpurutxotik igarotzen da beti Iñaki Beitiaren Omenezko Mendi Martxa. Han jaio zen bera, eta han bizi dira bere senideak. Jose Mari Beitia aitak gertutik zaintzen ditu Aizpurutxon egiten diren antolaketa lanak, baita han jartzen duten anoa-postua ere. Urtero-urtero martxa prestatzeko lehenengo bilera han egiten dute antolatzailaileek, eta bilera horretara ez du hutsik egiten Beitia aitak. Azken bilera ere han egiten dute.
Antolaketaren lantaldean aritzen direnez gain, ordea, askoz gehiago dira egunaren atarian eta egunean bertan laguntzeko prest daudenak. Genaro Jauregi antolatzailearen arabera, inori ez diote bi aldiz eskatu beharrik izan laguntzarik. Beitia mendi martxaren ikur dira elastikoa, anoa-postuen kalitatea eta kantitatea, kanpotik datozenen kopurua eta bertakoek jartzen duten gogoa, besteak beste.