Andoni Berasategi eta Naiara Peñagarikano dira bolako Gipuzkoako txapeldunak
Bi bolari goierritarrek jantzi zituzten, igandean, Gipuzkoako Bola Txapelketako bi txapelak, gizonezkoen eta emakumezkoen sailetan. Andoni Berasategi idiazabaldarra eta Naiara Peñagarikano gabiriarra dira txapeldun berriak. Donostiako Altza auzoko bolatokian jokatu zen herrialdeko lehiaketa, egun bakarrekoa.
Aurrez beste lehiaketa ofizialetan sailkatutako bolariak aritu ziren soilik. Gizonezkoetan, Berasategik 97 birla bota zituen, eta Pedro Lazkano donostiarra bira utzi zuen, bigarren postuan. Xabier Iruretagoienak osatu zuen podiuma, 93rekin.
Hamar bolarien artean, idiazabaldar txapeldunaz gain, baziren goierritar gehiago. Pedro Agirre legazpiarrak laugarren egin du (93), Martzelino Agirre segurarrak bosgarren (93), Antonio Alustiza zeraindarrak 7. (91), Zeferino Agirre segurarrak 8. (91), Iñaki Maiz gabiriarrak 9. (91) eta Antonio Agirre segurarrak hamargarren (90).
Emakumezkoen mailan, Naiara Peñagarikanok 79 birla bota zituen. Ondoren geratu ziren Rosa Mari Santos (76) eta Garbiñe Alustiza zeraindarra (66).
Euskadikorako sailkatuak
Bolateko denboraldi ofiziala bukatzen ari da. Euskadiko Txapelketa geratzen da orain, ekainaren 7an Lasarten (Gipuzkoa) jokatuko dena. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko bolari sailkatuek jokatuko dute. Gipuzkoarrak denera 18 dira, eta horien artean hamabi goierritar ariko dira, hauek: Luis Aizpeolea, Antonio Alustiza eta Garbiñe Alustiza (Zerain), Jon Orikain, Jose Luis Agirre eta Pedro Agirre (Legazpi), Antonio Agirre, Martzelino Agirre eta Zeferino Agirre (Segura), Iñaki Maiz eta Naiara Peñagarikano (Gabiria), eta Andoni Berasategi (Idiazabal).