Aralar, zoo handi bat
Aralarreko basoak, urmaelak eta mendiak fauna aberatsaren bizileku dira. Hegaztien artean putreak, sai zuriak, ugatza, arrano beltza dira nabarmenenak. Ugaztunen sailean, bisoi europarra eta Pirinioetako desmana, orkatzekin eta basurdeekin batera. Baina badira narrastiak eta anfibioak ere. Azken familia horretako espezieak ezagutzeko irteera egin zuten igandean, Gipuzkoako Parketxe Sareen fundazioak antolatuta. Bisitari multzo polita elkartu zen Lizarrustin, eta Lareoraino joan-etorria egin zuten.
Ander Izagirre aditu elgoibartarra izan zuten gidari. Ingurumen Zientzietan lizentziaduna, Biodibertsitatean berezitu du ibilbide akademikoa. Mendiko ibilbidean, berriz, animalia mota ugari aurkitu zituen, eta haien ohiturez, bizi inguruneaz edo arriskuez azalpenak eman zizkien bisitariei. Jendea aho bete hortz eta «pozez txoratzen» uzteraino.
Izan ere, makina bat espezie aurkitu zituen Izagirrek: uhandeak, arrabioak, apoak, igelak, muskerrak, gorbatadun sugeak, ziraunak, sugandilak… Egokiera bakoitzean narrastiak topatu zituen: Lareoko urtegiko uren ertzean suge luze bat, edo bizkarrean arrautzak zituen zapoa. Haien bizilekua baita Aralar.