Baso naturalei buruzko hitzaldia bihar, Miel Mari Elosegiren eskutik
Zuhaitz zaharrek eta hilek aniztasun biologikoaren kontserbazioan duten garrantziaz ariko da Miel Mari Elosegi basozaina Ordizian egingo duen hitzaldian. Hain justu ere, Bioaniztasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz antolatu dute Ordiziako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskal Herriko baso naturalak, biziaren iturri izeneko hitzaldia; bihar izango da Barrenan, 19:00etan.
Udalak eta Aranzadik Oianguren parkearen kontserbaziorako eta ingurumen sentsibilizaziorako urte hasieran abiatutako lankidetzaren barruan antolatutako ekintzetako bat da biharko hitzaldiarena. Zientzia Elkarteak 2013an egin zuen azterketa naturalistikoa, eta jasotako emaitzekin osatu zuten kudeaketa plana.
Aurretik, Oiangun bertan egin dira beste bi ekintza ere, eta azken honek ere, hitzaldia bera Barrenan egingo den arren, erlazio zuzena du Oiangu eremuko errealiatatearekin.
Hegaztiei eraztuna jartzea
Otsailean Urdaneta eta Jakintzako 8 eta 11 urte bitarteko berrogehiren bat ikaslek hegazti txikientzako 20 habia-kutxa jarri zituzten Oianguko zuhaitzetan. Aranzadiko Ornitologia sailak sustatutako Txoribox proiektu pilotuaren lehen saioa izan zen hura. Hala, egitasmo horri jarraipena emanez, datorren maiatzaren 31n, larunbatez, lehen jarritako kutxak banan-banan aztertuko dituzte.
Segidan, txoriak harrapatu ahal izateko sarea jarriko da eta eraztuna jarriko diete hegaztiei. Deialdi irekia egin dute, eta interesa duen edonori gerturatzeko dei egin diete 09:00etatik 13:00etara.
Altamirako putzua
Altamirako putzua lehengoratzeko lanetan hasiko dira, bestalde, Aranzadiren gidaritzapean datorren astean. Egungo balio naturala eta izan dezakeen balio didaktikoa indartuko dituzte egitear diren lanekin. Putzua soka eta egurrezko hesi baxu batekin mugatuko da, zuhaitz batzuk moztu eta mikrohabitat berriak ere sortuko dira, besteak beste.