Itsasondori ‘argazkia’ atera diote
Itsasondoko herriaren egoera zein den aztertu du berriki Laia enpresak, ingurumen eta iraunkortasun irizpideen arabera diagnosia osatuta, udalaren eskariz. Itsasondo Ekinez Egina partaidetza prozesuaren baitako ikerketa-txostena da, eta aurreko astean aurkeztu zituzten gaur egungo egoeraren adierazleak eta datuak, kultur gune berrian.
Berez, partaidetza prozesuaren oinarrian eta hasieran egon beharko zukeen diagnostikoak. «Lehenengo pausoa izan ohi da diagnostikoa egitea, gero hortik herritarren parte-hartze prozesu bat martxan jarri, eta handik ekintza plana osatzeko», azaldu du Laiako teknikari Zuberoa Jauregik.
Itsasondoko Udalak lantaldeak orain urtebete baino lehenagotik jarriak ditu abian. Diru kontuak tarteko, hasieran ez zen diagnosi hain sakona egin. «Elkarrizketa batzuk oinarri hartuta ekin zitzaion prozesuari, nolabait diagnosi oso sinple bat eginda. Jarraitu du prozesuak, egin zen ekintza plana, eta Itsasondoko Udalak badarama urtebete lantaldeekin funtzionatzen», dio Jauregik.
Udalak diru laguntza bat lortu ondoren erabaki zuen azterketa sakonagoa egitea, eta horixe aurkeztu dute orain. «Agenda 21eko metodologia jarraituz egin da iraunkortasun diagnostikoa. Datu asko ematen dira, 80 bat orrialdetan. Gai edo arlo bakoitzean Itsasondo nola dagoen ikusteko azterketa da». Datu bilketa eta erakusketa da, eta, horrenbestez, ez du ekintza planik edo lan ildorik zehazten. Udalak gidatzen dituen lantaldeetan landuko dute urrats hori.
Lanean hasteko oinarri bat
Diagnostikoa «oinarri bat» da, ondoren lantaldeek ikus dezaten iraunkortasun ikuspegitik zertan hobetu beharko litzatekeen. «Itsasondon ikusten da energia arloan lan asko dagoela egiteko, uraren arloan, bioaniztasunaren inguruan, mugikortasunean kotxearen erabilera dezentekoa da…», dio Jauregik. Gai batzuetan ari dira jada taldeak lanean.
Diagnostikoaren zenbait datu
Lurraldea
- Lurralde plangintza. Udalerriak kokapen egokia. Artifizialdutako zorua %2,04. Etxebizitza dentsitate baxua (0,36 etxebizitza hektareako).
- Mugikortasuna. Herritarren %78,95ek kanpoan lan egin. Motorizazio tasa handia (0,71 ibilgailu biztanleko). Istripu tasa altua (32,84 mila biztanleko).
- Bioaniztasuna eta paisaia. Natur intereseko guneak: Murumendi, Izarraitz-Aralar lerroa.
- Ura. Ur galeran hobetu: 2012an %22 (2009an %43,6).
- Hondakinak. Gutxiago sortzeko joera: 1,04 kilo biztanle eta eguneko (2012). Gaikako bilketa 2011n %39; 2013an %88. Industrian %44,6 soilik balorizatu
- Energia. 2011n sortzen zen berriztagarri guztia fotoboltaikoa (12,96 kWh/bizt/urte). Udalsarea21eko udalen azpitik (174).
- Ingurumenaren kalitatea. Airearen kalitatea ona eta onargarria urteko egunen %99,2an.
- Arriskuen kudeaketa. Ez dago larrialdi planik udalerrian.
- Erosketa eta kontratazio berdea. Ez dago planik.
- Klima aldaketa. Ekimenik ez.