Legazpiko Udalak landare espezie inbaditzaileei aurre egingo die
Legazpiko Udalak, Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin, landare inbaditzaileekin bukatzeko kanpaina bat jarri du abian. Landare hauek beste herrialde batzuetatik etorri eta bertako habitatak kolonizatzen dituztenak dira. Egitasmoak 12.000 euroko aurrekontua du eta Legazpiko Udalak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.
Kanpaina atzo aurkeztu zuten Brinkola auzoko Guriditegin. Bertan Fallopia JaponicaJaponiako piper-belarra izeneko landarea azaldu da eta harekin bukatzeko eman dituzten pausoen berri eman zuten.
Ekitaldian, Igor Urrate Garapen Iraunkorreko zinegotziak, Inma Hernandez Agenda 21eko teknikariak eta Yoana Garcia eta Lorena Uriarte Aranzadiko teknikariek parte hartu zuten.
Garciak landare hauen berri eman zuen, eta azaldu zuenez, «beste toki batzuetatik datozenak dira, asko lorezaintzarako ekartzen baitira. Baita oharkabean ere, nazioarteko merkataritzak erabiltzen dituen garraiobideetan. Askotan, obra bat egin eta biluzik utzi diren tokietan azaltzen dira. Ugaltzeko erraztasun handia dute eta toki asko hartzen dute eurentzat bakarrik. Horregatik, biodibertsitateari kalte handia egiten diote».
Legazpin, baina, garaiz aurre egingo diote arazoari. «Goierri behean eta Tolosaldean erreken ertz zabalak hartu dituzte. Legazpin toki gutxi batzuetan ikusi ditugu eta Urretxun eta Zumarragan ez ditugu asko ikusi», zehaztu dute Aranzaditik.
Inguru honetako landare inbaditzaile agresiboenak frantses patata (helianthus tuberosus), panpa-lezka (cortaderia selloana), sasiakazia (robinia pseudoacacia), budleja (buddleja davidii) eta japoniako pipar-belarra dira.
Herritarren batek bere lurretan halako landare bat badu, zer egin behar duen azalduko diogu» Igor Urrate (Garapen Iraunkorreko zinegotzia) «Gure erreka bazterrak ondo egongo balira, ez lirateke kanpoko landareak sartuko» Lorena Uriarte (Aranzadiko teknikaria) «Landare hauek Ugaltzeko erraztasun handia dute eta toki asko hartzen dute» Yoana Garcia (Aranzadiko teknikaria)Uriartek azaldu zuenez landare hauekin bukatzeko «teknika mekaniko eta kimikoak» erabiltzen dituzte, aurrez moztuta. «Moztutako zatiak toki eguzkitsutan pilatzen ditugu, errekatik urrun. Loraketa garaian, berriz, herbizidak erabiltzen ditugu, eta ondoren, bertako landareak landatzen ditugu. Oso zaila da landare hauekin bukatzea, baina gutxienez egoera kontrolatzea lor daiteke», esan zuen. Prebentzioa Hori dela eta, garrantzitsuena prebentzioa dela esan zuen Aranzadiko langileak: «Gure erreka bazterrak ondo egongo balira, ez lirateke kanpoko landareak sartuko». Urratek gehitu zuenez, landare hauek arazo handiak sortzen dituzte, «gure biodibertsitatea inbaditzen dute eta erraz zabaltzen dira. Hala, bertako faunarentzako baliabide naturalak murriztu egiten dira». Aranzadiren laguntzarekin arazo honekin bukatzea espero dute Legazpiko Udalean, baina herritarren laguntza ere behar dute. «Eremu publikoan, Aranzadik landare hauek identifikatuko ditu eta beraiekin bukatuko du. Baina lur pribatuetan ere egon daitezke. Udalaren web orrian landare hauen berri emango dugu eta, norbaitek bere lurretan halakoren bat badu, zer egin behar duen azalduko diogu eta bere ordez bertako landareak emango dizkiogu», zehaztu dute. Egitasmoak hiru urteko iraupena du eta 12.000 euroko aurrekontua; Eusko Jaurlaritzak diruaren %60 jarri du. Aranzadikoek esan dutenez, «oso garrantzitsua da lehenbailehen lanean hastea, beranduegi izan aurretik».