Nabarmen egin du gora hondakinen gaikako bilketak Ormaiztegin
Apirilaren hasieran jarri zuten hondakinak biltzeko sistema mistoa Ormaiztegin, eta hilabeteren buruan, bikoiztu egin dute gaikako bilketa; %36koa izatetik, %83koa izatera pasa da.
Rosa Mari Urkia alkatea pozik agertu da gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan. Berarekin izan dira Jon Intxausti zinegotzia eta Iñaki Erauskin Sasieta Mankomunitateko zerbitzu burua ere; guztiek sistema mistoak izan duen arrakasta azpimarratu dute; %70eko birziklatzea lortzea zen helburua, eta %83koa izan da gaikako bilketa.
Erauskinek bilketaren inguruko datu zehatzagoak eman ditu, eta edukiontzi hori kentzeak beste materialen bilketan izan duen eragina azpimarratu du. Esaterako, errefusa %64tik %17ra jaitsi da, eta aldiz, ontzi arinen bilketa %45 igo da.
Baina ezbairik gabe, material organikoaren datuak dira esanguratsuenak. Ormaiztegin, sistema mistoa ezarri zutenetik zazpi tona bildu dituzte, kantitate oso «handia» Erauskinen hitzetan, «are gehiago kontuan hartuta ia ehun familiak ez dutela ateratzen edukiontzi marroia, konpostajea darabiltelako».