Igandeko bozketan 46.785 goierritarrek izango dute botoa emateko aukera
Alderdi politikoek Eurpako Parlamentuan egotea «garrantzitsua» dela nabarmentzen duten arren, badirudi herritarrek urrun ikusten dutela Europako erakunde gorena dena. Goierrin hainbat ekitaldi izan dira egunoetan, kanpaina abiatu zenetik. Propaganda banatzen zein ordezkari politikoen mitinak izan dira herrietan; gaur emango diete amaiera kanpainari, biharkoa «hausnarketarako eguna» izango baita.
Guztira 46.785 goierritarrek izango dute igandean botoa emateko aukera, eta horietatik 1.939 atzerrian bizi diren goierritarrak izango dira. Hautes mahaiak berriz ohikoak baino gutxiago izango dira, erdira jaitsi baitituzte.
Abstentzioaren mamua
Europako azken hauteskundeetan (2009) EAJren hautagaitza izan zen bailaran bozkatuena, guztira 6.444 botorekin (2004an 7.089). Ezker abertzaleak Iniziatiba Internazionalistarentzat eskatu zuen botoa, bigarren hautagaitza bozkatuena izan zen 6.103 botorekin (2004an 5.566). Auzitegi Gorenak, ordea, baliogabe utzia zuen hautagaitza. Hirugarren indarra izan zen PSOE, 5.241 botorekin (2004an 4.866). Edonola ere, Udal eta Batzar Nagusietako Hauteskunde zein Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeetan baino giro hotzagoa nabaritu da kaleetan. Azken urteetako joerak erakutsi duen gisan, badirudi, abstentzioak gora egingo duela oraingoan ere.
2009an egin ziren azken hauteskundeak Europako Parlamenturako. Orduan, Goierrin, %57,37ko abstentzioa izan zen; 2004an %52,82koa.
Ez da Goierrikoa kasu isolatua. Europako Parlamentua herritarrek zuzenean aukeratzeko hauteskundeak egiten hasi zirenetik beherantz joan da ehunekoa.
Hogeita zortzi herrialdetako ia 400 milioi herritarrek dute botoa emateko aukera
Herbeheretan eta Erresuma Batuan atzo eman zuten botoa, gaur Txekiar Errepublikako eta Irlandako herritarrek emango dute; bihar Malta, Letonia eta Esloveniakoek; eta igandean, gainontzekoek, tartean euskal herritarrek. Guztira, 400 milioi herritar i nguruk izango du botoa emateko aukera. Hain justu, Europarlamentua da, Indiaren ondoren, jende gehien ordezkatzen duen organo legegilea. 1979an egin ziren lehen hauteskundeak diputatuak zuzenean aukeratzeko, ordutik bost urtero izan dira. Belgika, Zipre, Grezia eta Luxenburgon, adibidez, derrigorrezkoa da boza ematea. Espainiar Estatuan zerrenda batek jarleku bat lortzeko behar duen boto kopurua, bestalde, parte hartzearen araberakoa da. 2009an %44,9koarekin, 260.000 boto behar ziren. Aurten, gainera, Scytl enpresa kataluniarra arduratuko da 28 estatuetako datu guztiak zenbatzeaz. Ekitaldiak – Gaur- PSE-EE. Larrosa banatzea Legazpin, 11:00etan Euskal Herria plazan. Oskar Valbuena Legazpiko zinegotzia, Iñaki Dubreuil Ordiziakoa, eta Blanca Roncal zein Miren Gallastegi parlamentariak egongo dira.
- EH Bildu. Ekitaldi politikoa Ordizian, 19:00etan plazan. Onintza Lasa eta Axular Barandiaran egongo dira.
- EH Bildu. Ekitaldi politikoa Lazkaon, 20:30ean Lazkao Txiki Plazan. Rebeka Uberak hartuko du hitza.
- EH Bildu. Ekitaldi politikoa Seguran, 19:00etan plazan. Xabier Mikel Errekondo arituko da.
- EH Bildu. Propaganda banatzea eta luntxa Zegaman, 20:00etan.