
Euliak kutxatilan sartzen zituen Isaac Jimenok umea zela (Urretxu, 1985), eta, dioenez, Rodriguez de la Fuente naturalistaren telebista saioetan muturra pantailara itsasten zuten haur horietakoa zen. Poliki-poliki, falkoneriaren munduan sartu zen, eta etxekoek esaten bazioten ere hegaztiekin bizimodua ezingo zuela atera, lortu egin du. Egun enpresa bat dauka Errioxan (Espainia), eta, falkoneria erakustaldiak egiteaz gain, fauna kontrola egin eta hegaztiak uxatzen dituzte. Gainera, bere zentroan hainbat animalia itxita hazten ditu; orain gutxi, bost katamotz jaio dira han.
Lehenengo falkoneria maisua 18 urte zituenean ezagutu zuen. Hasieran, batik bat, liburuak erabili zituen ikasteko; izan ere, Urretxutik 400 kilometrora bizi zen gertuen zuen belatz hezitzailea. Hegaztiak trebatzen ikasi du, nahiz eta «ofizio honetan ez zaion inoiz ikasteari uzten». Dioenez, beti sor daiteke espero gabeko egoeraren bat, eta, horrelakoetan, «eskarmentuak lagundu egiten du».
Haren enpresak fauna kontrola ere egiten du. Kontrol hori zertan datzan azaltzean, arriskua sortzen duten animaliak «kendu» baino gehiago «uxatu» egiten dituztela dio. Uxatzeko beste harrapari batzuk erabiltzen dituzte, batez ere. Finean, «haien presentziarekin, gune hori deseroso eta beldurgarri» bihurtzen dute, esate baterako, aireportu baten inguruetan habia egin duen zikoina koloniarentzat. «Gure helburua arriskua sortzen duten animalien lekualdatzea eragitea da, ahal dela bakar bat ere akabatu gabe».
Aireportuetatik gertu kokatzen diren hegaztiak edo ugaztunak uxatzeaz gain, zabortegietatik hurbil dabiltzan kaioak eta arabazozoak ere uxatzen dituzte, infekzioak zabaldu ditzaketelako. Ugaztunei dagokienez, Logroñoko aireportu ondotik (Errioxa) 6.000 untxi joatea lortu zutenekoa gogoratu du: «Untxiek ez zuten berez arazorik sortzen, baina bestelako harrapari batzuk erakartzen zituzten». Arazoa errotik kentzea pentsatu zuten, eta lurra lisatu egin zuten untxiek gordelekurik ez egiteko.
Lanerako harrapariak eta laser argiak, soinu seinaleak zein suziriak erabiltzen dituzte. Baliabide horiekin guztiekin, aireportuetan kaioen presentzia %95 jaistea lortu dute, adibidez.
Haren lanaren beste adar bat falkoneria erakustaldiak dira. Herrietako jaietan eta Erdi Aroko azoka ugaritan ibilitakoa da. Ingurumen hezkuntzaren inguruko hitzaldiak ere egiten ditu. Hitzaldiak haurrekin egiten ditu batez ere, eta bizirik dauden animaliak eramaten ditu horietara. «Animaliak bertan izanda, kontzientzia sortzea errazagoa da».
Arrano beltzaren dantza

Faunaren kontrola eta falkoneria erakustaldiak ditu gogoko Jimenok. Dena dela, haren jardun gogokoena animaliak itxian nola hazten diren bertatik bertara ikustea da. Hirurogei bat hegazti dituzte, arrano, belatz eta gautxoriak batuta. Ugaztunak ere badituzte: 22 katamotz jaio dira haren parkean azken bost urtean.
Bere animaliak haztea garrantzitsua dela dio: «Hazierak animalia nolakoa izango den baldintzatuko du, eta guri komeni zaigu gureak ondo ezagutzea». Sozializazioa erabakigarria da haziera prozesuan. Oraindik hegan egin ezin duen txitari ingurua ezagutzen laguntzen diote: pertsonak, animaliak zein ingurunea bera. «Haren habitat natural bihurtuko dugunez, ez dio gizakiari beldurrik izango, ezta autoen zaratari ere».
Arrano beltzaren gorteatze dantza hurbiletik ikustea, habia nola egiten duen aztertzea, arrautza bere aurrean ipini eta nola puskatzen duen ikusi ahal izatea «maila goreneko esperientzia» da Jimenorentzat. Hegaztiekin sortzen den hartu-emana ere ez dauka saltzeko: «Hegaztia ez duzu zeuk menderatzen; bizikideen arteko harremana da».