Olaberria nolakoa den, zer zerbitzu dauzkan eta zer jaki ekoizten dituzten ezagutzeko aukera izango da, igandean, Olaberria Ezagutzen ferian. Bigarren urtez antolatu du Kuttun guraso elkarteak. Herriko pilotalekua izango da feriaren gunea, igandean 11:00etatik aurrera. Egun osoan izango dira ekitaldiak, ondoren.
Guztira 21 enpresa, baserri edo artisauk eman dute izena. Batetik, Olaberriko baserriek, artzainek edo eskulangileek beren produktuak saltzeko postuak jarriko dituzte. Han izango dira Abaroa eta Aizpea gaztandegiak, Bengoetxe txakolindegia, Alberto Irastortza behi haragi ekoizlea, Etxeberri Goikoa baserriko esnekiak, Balda baserriko barazkiak, Joxe Angel Munduatek Bengoetxe Garakoan ekoizten dituen piperrak edo Zegama Okindegiko ogiak.

Olaberria Ezagutzen azokaren lehenengo ekitaldia, iazko apirilean./Olaberriko Herri Eskola
Zerbitzu gastronomikoen atalean, Etxezuri, Zezilionea, Taberna, Castillo eta Arrieta jatetxeak egongo dira. Vilariño Motorsporten zirkuitua, Gasogas gasolindegia eta Lazkaonet informatika denda ere partaide dira.
Artisauen aldetik, Nerea tartagilearen tarta pertsonalizatuak, Sandra Clivilleren arropak edo Blanca Amoztegiren pitxiak erosi ahalko dira. Odol Emaileen Elkarteak eta Endurance Olaberria zaldi lasterketa taldeak ere postuak izango dituzte.
Bazkaria eta lehiaketak
Kuttun guraso elkarteak iaz antolatu zuen lehenengo aldiz Olaberria Ezagutzen feria. Aurten ere bigarren eskuko salgaiak salerosteko aukera jarri dute.
Azoka 11:00etan irekiko dute. Haurrek eskulanak egin ahalko dituzte, eta 11:30ean patata-tortilla lehiaketa izango da. Pintxo salmenta eta tarta zozketa ere egingo dituzte. 14:00etan bazkaria, 15:30ean ume jolasak, 16:00etan mus eta txintxoi txapelketak Arkupen, eta 17:30ean txokolate jana ere izango dira.