Elkartasunezko ostikokadak Ordizian
Futbolak duen indarra laguntasuna sustatzeko baliagarri da, sarri. Zalekeriak eta itsukeriak aparte utzita, Ordiziako Altamira futbol zelaian bi herrialderen harremana islatzeko balio izan du, gaur arratsaldeak, futbolak. Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkarteak antolatuta, Ordizia elkarteko jubenilen taldeak eta Saharako Errepublika izenpeko gazte selekzio batek jokatu dute.
Bigarren ekitaldia izan du, gaur, ekimenak. Iaz elkartu ziren estreinakoz bi taldeak, eta esperientzia ona izan zenez, errepikatu egin dute. “Saharar bat Beasainen bizi da, eta Ordiziako taldearekin harremanetan jarri zen. Lagunarteko partida antolatu genuen iaz, eta ondo atera zenez, gaur ere bai”, azaldu du Naroa Abalabide elkartekideak.
Ordiziako jubenil taldeari aurre egin dioten jokalariak saharar jatorrikoak dira, Euskal Herrian bizi direnak, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Alaves taldearen ekipamenduarekin jokatu dute sahararrek. “Euskal Herrian euren selekzio bat osatzen dute. Bestela, hemengo ligetan eta taldeetan aritzen dira futbolean”. Sahararren taldean 27 urtekoa da jokalari zaharrena, eta gazteagoak besteak.
Sahararren egoera Goierriko herrietan ezagutarazi nahi du Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkarteak. Jende askorik ez da joan Altamirara ikustera, baina biziki eskertu dute futbolari gazteen lana. Abalabidek aurreratu du aurtengo ekainaren bukaeran ere haur sahararrak etorriko direla uda Euskal Herrian igarotzera. Iaz Ataunen egin zuten guztiek festa; aurten oraindik erabaki gabe daukate non izango den.
Futbolerako iaiotasun handia erakutsi dute guztiek. Emaitza, berriz, izan daitekeen onena: elkartasuna garaile.