Goi tentsioko linearen aurkako borroka, bidegurutzean
Deikaztelu-Itsaso eta Gueñes-Itsaso goi tentsioko argindar lineen proiektuen aurkako gizarte erantzunak fase bat bukatu duela irudikatu ahal izan da, gaur, Gabirian. Autopista Elektrikorik Ez plataformak Lurkide eguna antolatu du, eta festaren barnean, bost erakundetako ordezkarik desobedientzia zibilaren, legeak aurreikusten dituen aukeren eta gizartearen eskakizunak nola iritsarazi —eta betearazi— ahalbidetuko duen ereduak aurkeztu dituzte.
Autopista Elektrikorik Ez taldeko bozeramaile Alberto Friasek azaldu duenez, borroka “bidegurutzean” dago gaur egun. “Guk gure eskuetan dauzkagun gauza guztiak egin ditugu, lege aldetik. Orain zer egin behar dugu herri borondatea onartzeko? Hori da galdera”, azaldu du. Ingurumen arloko adituek, gizarte desobedientziaren esparrukoek eta azpiegitura handien aurka diharduten elkarteetako ordezkariek mahai-inguru batean planteatu dituzte aukerak. Sustrai Eraikuntzako Martin Zelaiak, Carlos Garridun ingurumen gaietan adituak, Arabako Frackin Ez plataformako Mikel Oterok, AHTren aurkako Mugitu elkarteko Gorka Ovejerok eta Lurra elkarteko Alberto Friasek parte hartu dute, 35 bat entzuleren aurrean.
Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduan 20 urte zituela hasi zela gogorarazi du Friasek. “Orduan zentrala geraraztea lortu zela esateko izan zen. Baina ordutik hona derrota hutsa izan da dena”, aipatu du, azpiegitura handien aurkako herri mugimenduen arrakastari buruz.
Alegazioei, mozioei eta herritarrei iritziari kasurik ez
Gogoratu du goi tentsioko linearen aurka 14.000 herritarrek sinatu dutela helegitea, Espainiako Gobernuari aurkezteko. Eta “kasurik ez” dietela egin gaineratu du. “Ez alegazioei, ez herri kontsultetan jendeak eman zuen iritziari —%80ko partaidetza eta proiektuari %90etik gorako errefusa izan zuten—, ez udal guztiek onartutako mozioei”.
REE Red Electrica de España SA enpresa pribatuak burutu nahi du Deikaztelu-Itsaso eta Gueñes-Itsaso lineak, 400.000 volteko indarra garraiatzeko. “REEren asmoa proiektua aurrera eramatea da, baina ez aurreneko biurteko edo hirurteko honetan. Esaten du 2016tik aurrera egin nahi duela. Baina, edozein kasutan, erabakia Espainiako Gobernuak hartu behar du, eta urte honetan hartuko dute, edozein momentutan”, aurreratu du Friasek.
Gueñes-Itsaso proiektuaren ingurumen eraginen azterketari argi berdea emana dio Espainiako Gobernuak. Deikaztelu-Itsasokoari, oraindik ez. Azken zati horren proiektuaren plangintza berria egin behar du Estatuak, lehenago egitasmoa REEk birplanteatuta.
Festa, herri kirolak eta bazkaria
Lurkide Egunean, gainontzean, festa giroa izan da Gabirian. Goierriko hainbat herritako bizilagunak elkartu dira. Duela hilabete batzuk dorreak eraikiko lituzketen lur sailei babesa adieraziz argazkiak atera zituzten 28 elkarte, talde eta erakunderen argazkiak itsatsi dituzte horma-irudi batean, azpian marraztuta zegoen linea estaltzeraino.
Bestetik, Joxe Mari Esnaola zegamarrak eta Gabiriako Eñaut Igartzabalek herri kirol erakustaldia egin dute, plazan. Esnaolak zutitutako enborrari bi korte jo dizkio, 5,5 metroko garaieran. Ondoren, oinbikoa ebakitzen zuen bitartean Igartzabalek 100 kiloko bolari 16 altxaldi emateko desafioa burutu dute. Harri jasotzaileak 24 altxaldi eman dizkio. Bukatzeko, Esnaolak motozerrarekin egur enbor bat aulki bihurtu du.
Bazkaria eliz atarian egin dute, bertan presatuta. 100 lagun bildu dira. Arratsaldean, Lurkide egitasmoari buruzko dokumentalaren emanaldia, ume jolasak, eta 21:00etan Guri5 musika taldearekin erromeria dituzte.