Hausnarketa eguna da gaur
Europako Legebiltarrerako biharko hauteskundeen bezperan, eta kanpaina bart gauerdian bukatuta, larunbat hau hausnarketa eguna izango da. Bihar, hauteslekuak 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. Orain arte baino mahai gutxiago egongo dira, murrizketa ekonomikoek eraginda gutxitu egin dituztelako. Hala, 2009ko Europako hauteskundeetan Gipuzkoako 88 udalerrietan 313 hautesleku eta 879 mahai eratu baldin baziren, bihar 302 hautesleku eta 720 mahai izango dira. Mahaietan 6.753 herritar ariko dira lanean (titularrak, alderdi politikoen ikuskatzaileak kontatu gabe). Bakoitzak 62,61 euroko ordaina jasoko du dirutan.
Europako hauteskundeak ostegunean egin zituzten Erresuma Batuan eta Herbeheretan. Abstentzio oso handia izan dela aurreratu dute. Herbeheretan partaidetza %37koa izan da, hauteslekuetako inkesten arabera (datu ofizialak gainotzekoekin batera emango dituzte, bihar gauean). Goierrin, 2009ko ekainaren 7ko Europako hauteskundeetan, abstentzioak %57ko maila gainditu zuen.
Biharko bozetan parte hartzeko eskubidea 54.129 goierritarrek dute (horien artean estatutik kanpora bizi diren 1.451 lagun). Orain hurrenako europarretako hautesle erroldan baino 389 pertsona gehiagok dute boto eskubidea, bailaran.
Lehenengo aldiz, hauteskundeetan aukeratzen den legebiltzarrak aukeratuko du Europako Batzordearen lehendakaria (Europako Kontseiluaren bitartez). Beste behin, Europako erronka partaidetza izango da, ordea. Gaur hautesleen hausnarketa eta bihar hautesontzien hauts harketa gerta ez dadin.