Hiru goierritarrek parte hartuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean, bihar
Eneko Araiztegi segurarrak, Aratz Igartzabal gabiriarrak eta Paul Iruretagoiena ataundarrak Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko dute, bihar, Arrasaten (Gipuzkoa). Finala 11:00etan hasiko da, Amaia antzokian. Zortzi bertsolari gazte sailkatu dira finalerako, aurrez Gipuzkoan barrena jokatu diren bost kanporaketatan —Lazkaon eta Zumarragan izan ziren bi—.
HIru goierritarrekin batera Maider Arregi (Oñati), Jon Gurrutxaga eta Iñigo Ibañez (Azpeitia), Iraitz Mateo (Oiartzun) eta Amaia Urbieta (Zarautz) ariko dira. Bertso Eskolen egunaren barruan egingo dute finala. Finala goizean izango da, eta arratsaldean jolasak dituzte.