Jon Gilek irabazi du Legorretako txirrindularitza lasterketa
Vicinay Cadenas taldeko Jon Gil gazteak irabazi du, gaur goizean, Legorretako 58. Proba txirrindulari lasterketa, junior mailakoentzat. 2:08:45 orduko denboran osatu du 88 kilometroko ibilbidea, mendate bakarrak Orendain-Abaltzisketa eta Altzo zituena. Zazpi txirrindulariko taldetxo bat batera iritsi da, ihes eginda, helmugara. Ampo-Caja Rural taldeko Dani Maiora ormaiztegiarrak egin du bigarren, eta Unai Orbeak (Atracciones Sanz) hirugarren.
Goizeko hamarretan 100 txirrindulari irten dira Legorretako plazatik. Alegia eta Amezketa aldeko errepideetan jokatu da lasterketa. 57 txirrindulari sailkatu dira —43k bertan behera utzi dute proba—. Irabazleak 41,1 km/h-ko batez bestekoa egin du.
Taldekako saria Ampo-Caja Rural talde goierritarrak irabazi du. Maioraren postuaz gain, Mikel Paredesek (15.) eta Aitzol Eskisabelek (31.) ahalbidetu dute sari hori.