Zegama-Aizkorri maratoiko partaideak Goierrin dira
Asteburuan mendiko atletismoko giroa nabarmenduko da, Goierri osoan. Bihar jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi maratoia, Munduko Kopako estreinakoa. Korrikalariak ostiralean hasi ziren eskualdera iristen, eta gaur herri askotan ikusi ahal izan dira. Dortsalak gaur jaso dituzte partaideek.
Korrika saio arinak egiten batzuk, eguerdiko eguzki epela baliatuz hankak askatzen beste batzuk, edo familiartekoekin edo lagunekin taldean kaleetan barrena ikusmiran asko. Karreraren aurreko eguna atsedenerako hartu dute denek. Beasainen, adibidez, Tortosako (Tarragona, Katalunia) lagun talde jendetsu batek goiza pasieran ibiltzeko hartu du. Hamar-bat laguneko taldetik bik bakarrik egingo dute korrika.
Andorratik etorritako Oscar eta Marc Casal anaiek praka motzak jantzi dituzte gaur ere. Beasain inguruan bueltatxo bat eman dute. Pozik agertu dira Zegama-Aizkorrin parte hartzeko aukera dutelako. Andorrako Mendi Federazioaren izenean korrika egingo dute biek.
Benetako gudua bihar 09:00etan hasiko da, Zegamako plazan. Eguraldi euritsua iragarri dute. Euria erruz egingo du, orduan 15 litro metroko botatzeraino.