Zumarragako Salbador auzunean festak ospatzen ari dira
Auzoko festak ospatzeko ohitura handia dute Zumarragan. Eitzagakoak San Isidro inguruan izan dira, eta haien txanda aurreraxeago dagoen Salbador auzokoek hartu dute, asteburuan. Ospitalearen barrenaldeko auzunea da Salbador, errepideaz goialdean geratzen dena. Duela 50 bat urte eraikia, burdingintzako langile ugari bihurtu ziren hango auzotar, asko eta asko kanpotik etorriak. Gaur, guztiak elkartu eta jaietan dira.
Atzo arrastaldean sardina jana eta dantzaldia egin ondoren, gaurko egitaraua kirolarekin hasi dute, eguerdian. Argixao zelaian ezkonduak eta ezkongabeak lehiatu dira, zelai erdian. Ezkonduek 9 eta 7 irabazi dute. “Beti ezkonduek irabazten dugu”, zioen gizon batek, txantxetan.
Ondoren, auzoko estalitako kirolgunean bildu dira zahar eta gazte, haur eta larri. Bazkaria egin dute, auzotarrek prestatuta. 142 larri eta 64 haur ziren. “Hasierakoak eta lehen platera auzotarren artean prestatzen dugu. Gainerako arkume errea dugu, eta hori jada kanpotik eginda ekartzen dugu”, zioen bazkariaren antolatzaile Pedrok.
Arratsaldean mus txapelketa, txokolate-jana, mahai-futbol txapelketa eta Mayit disko-jartzailearekin bigarren dantzaldia izango dute. Bihar, igandea, 10:00etan motorzaleen topaketa, 12:00etan toka, 12:30ean Zumarragako Musika Bandaren kalejira, 14:00etan poteo herrikoia, 17:00etan kuatrola lehiaketa eta 18:30ean aretoko dantzen erakustaldia dituzte.
Haurrentzat barrakak ere jarri dituzte auzoan.