Urbano Suarezen ‘La Sombra’ lana, lehen saria lortu du.
Euskal Herrian bertako zein Espainiar Estatuko 55 argazkilariren 193 obra jaso dituzte azken Nikolas Lekuona Argazki Lehiaketan. Irabazleen izenak Ortzadarren blogaren bidez hilabete hasieran iragarri zituzten arren, orain argazkilarien lanak jasotzen dituen katalogoa ezagutarazi dute. Hala, lehen saria Urbano Suarezek (Asturias) eraman du La Sombra lanarekin; bigarrena, Andres Indurainek (Irun) Habanerarekin; eta hirugarrena, Miquel Planells Saurinak (Girona) En el espejo argazkiarekin.
Bertakoen saria, berriz, Ordiziako Jose Ignacio Rodriguez Carballok eraman du Eilean Donan Castle argazkiarekin.
Sariketa nagusiko gaia librea zen arren, herri-kirolak gai hartuta ere sariketa berezia egin dute. Hala, irabazlea Tolosako Javier Ortiz izan da Idi probak lanarekin.
Lehiaketaren hirugarren edizioan lan ugari jaso diren arren, soilik horietako batzuk jaso ahal izan dituzte papereko katalogoan. Hala ere, digitalean, Ortzadarren web orrialdean, album osatuagoa zintzilikatuko dute.
Lanak ikusgai jarriko dituzte Barrena Kultur Etxean. Erakusketa ekainaren 2tik 20 egongo da irekita (arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, astean zehar). Aurrez, ordea, irekiera bihar egingo dute, arratsaldeko 19:00etan.
Datorren urtera begira, «argazkilaritza gustuko duten guztiei» laugarren edizioan parte hartzeko dei egin die Ortzadarretik.