Aste Berdeko ekitaldi sorta aurkeztu dute Goierri garaiko lau udalek
Ekainaren 5ean Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko da, eta Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalek hainbat ekitaldi antolatu dituzte herritarrengan gai honen inguruab interesa pizteko. Egitaraua atzo aurkeztu zuten Urretxuko kultur etxean. Ekitaldian Jon Altolagirre Urretxuko zinegotziak, Igor Urrate Legazpiko zinegotziak, Fernando Fariñas Zumarragako zinegotziak eta Eneko Zabaleta Ezkio-Itsasoko zinegotziak parte hartu zuten.
Ekainaren 5ean Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko da, eta Ezkio-Itsasoko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalek hainbat ekitaldi antolatu dituzte herritarrengan gai honen inguruab interesa pizteko. Egitaraua atzo aurkeztu zuten Urretxuko kultur etxean. Ekitaldian Jon Altolagirre Urretxuko zinegotziak, Igor Urrate Legazpiko zinegotziak, Fernando Fariñas Zumarragako zinegotziak eta Eneko Zabaleta Ezkio-Itsasoko zinegotziak parte hartu zuten.
Urratek natura zaindu nahi bada, toki batetik bestera joateko erabiltzen diren garraio motek ere ingurumena zaindu behar dutela esan zuen. Hori dela eta, udalek eta Uggasak Bizibili bizikleta ikastaroa antolatu dute.
Ikastaro hau txirrinduan ibiltzen ikasi edo ibiltzeko ahalmena berreskuratu nahi duten helduei zuzendua dago. Doan izango da, eta behar dutenei antolatzaileek bizikleta utziko diete. Bi orduko lau saio egingo dituzte eta egunak, ordua eta lekua parte hartzaileen beharren arabera zehaztuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek, gaur bertan deitu behar dute 943 72 54 06 zenbakira.
Fariñasek, berriz, Naturola egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztu zuen. Egitasmo honen helburua biodibertsitatearen garrantzia azaltzea eta herritarren artean jarrera egokiak sustatzea da. Aurten, Legazpiko plazan eta Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan tailerrak egingo dituzte eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian muralak margotuko dituzte.
Legazpiko plazan eta Areizaga-Kalebarrenen, parte hartzaileek, enbor baten bidez, hildako egurrean ezkutatzen den bizitza eta konpostarekin duen lotura ikasiko dute. Gainera, birziklatzeko banatzen den zaborrarekin apaingarriak egiten ikasiko dute. Bi tailerrak 18:00etatik 20:30era izango dira, Legazpikoa bihar eta Urretxu-Zumarragakoa ekainaren 6an. Igartubeitin, ekainaren 14an, 16:30etik 20:00etara, ingurumenari buruzko muralak margotuko dituzte.
Argazki lehiaketa
Zabaletak Fokatu Urola Garaia argazki lehiaketari buruz hitz egin zuen. Lehiaketa hau ingurumenaren eta garapen iraunkorraren alde egiteko sortu zuten duela 10 urte. Urteurrena ospatzeko, urte hauetan guztietan saritu dituzten 46 lanak ikusgai jarriko dituzte. Ekainaren 9tik 17ra Legazpiko Ilinti merkatari elkartearen dendetan egongo dira eta 18tik 27ra Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkartearen dendetan.
Denda horietan erosketaren bat egiten dutenek gustukoen duten argazkiaren aldeko botoa eman ahal izango dute, eta argazki irabazlearen aldeko botoa ematen dutenen artean, 100 euroko erosketa balea zozkatuko dute.
Ekintza horien guztien berri emateaz gain, Altolagirrek Eskola Agenda 21en egindako lanaz hitz egin zuen eta Urratek Legazpiko Udala landare inbaditzaileen aurka borrokatzen ari dela gogoratu zuen.
The post Aste Berdeko ekitaldi sorta aurkeztu dute Goierri garaiko lau udalek appeared first on Otamotz.