Hasiera jendetsua izan du Legorretan oroimen historikoa lantzeko prozesuak
Oroimen historikoa berreskuratzeko, eta 1936ko gerrak eta ondorengo frankismoak zer eragin zuten jakiteko lanketa abiatu dute, Legorretan. Ostiralean hasi zen prozesua, hasierako hitzaldian Villabonako (Gipuzkoa) esperientzia entzunez eta hango lanketaren xehetasunak jakinez.
Hitzaldian 70 legorretar elkartu ziren. Bakartxo Mendez alkateak prozesua ireki eta agurra egin ondoren, Aritza kultur elkarteko Esti Amenabarrok azaldu zituen Villabonako lanketaren nondik norakoak. Duela hiru urte hasi zuten han, eta argitaratzeko bidean da. Frankismoaren eta bereziki gerraren ezagutza «oso murritza» duela gizarteak esan zuen Amenabarrok. «Galtzaileei buruz dakiguna, berriz, hutsa». Haien historia berreskuratuko dute, esate baterako.
Legorretako azterketak urtebete iraungo du, eta bizpahiru lantaldek grabazioak, elkarrizketak eta ikerketa egingo dituzte. Hamalau lagun ariko dira lanean. Historia liburu bat idatzi, eta emakumeen bizipenekin dokumentala editatu nahi dute, lanaren emaitzekin.