Maiatzak agur freskoa eta euritsua
Udaberri hasiera ederra izan bagenuen ere, maiatza ez da hain gustu onik uzten ari. Izan ere, garai honetan giro beroagoa eta lehorxeagoa ere estimatuko lukete barazkiek eta fruituek. Baratzetan gorrina sartzen ari deneko kontua ere entzun da, eta horrek, beti ere kezka sortzen du; eguraldi beroa eta lehorra behar da horri aurre egiteko.
Produktu zehatzetan erreparatuz, atzo hasi ziren tipula gorriak (1,50 euroan sorta), azenario berriak postu dezentetan (0,50-1an sorta txiki bezain finak osoan jateko egokiak) edota apioa (0,50). Negutegikoei dagokienez, lehen piperrak Azkoitiako Kurutziakoen postuan ikusi ditugu (kiloa 6 euroan), bai Gernikakoak eta baita piper ezti luzea ere.
Landare saltzaileek jai izaten dute horrelako eguraldiarekin; udako landareak sartzeko garai ezin aproposagoan baldin bagaude ere, atzoko eguraldiak ez zuen lagundu eta azken aste hauetako ilararik ez zen ikusi. Aldiz, aukera dotorea dago landareetan ez ezik baita loreetan ere.
Arkumeei dagokionez atzo sei saldu ziren Ordizian eta maiatzarekin batera bukatutzat eman behar da etxez etxeko bilketa.
Esnegorriak salgai
Mikologia atalean berriz, lehen esnegorriak (Lactarius Deliciosus, Niscalo) ekarri dituzte 3 kilo, 14 euroan bakoitza. Eta kopuruz, joan zen asteekiko gutxiago izan bada ere, ziza ugari: 290 kilo, zizahori eta onddoek osatu zuten atzokoen aukera.
Balerdi zainzuriak prestatzen
Atzokoarekin zainzuriaren hilari bukaera eman zitzaion 12 hilabete 12 produktu ekimenaren berruan. Atzo, Urki Balerdi Zeraingo Ostatukoa izan zen plazan lanean aritu zena, zainzuriak osagai nagusi hartuta. Ekaineko produktua gerezia izango da.
- Aste honetako prezioak