Presoen eta iheslarien egoera zabaltzeko Elkartasun Eguna egingo dute Ataunen
Ataungo euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde Elkartasun Eguna ospatuko dute, larunbatean, San Gregorion. Egun osoko egitaraua antolatu du Ataungo Preso eta Iheslarien Lagunak taldeak, beste eragile eta elkarte askorekin batera. Kolektibo horien egoera gizartera zabaldu nahi dute, dituzten arazoak, gabeziak eta eskubide murrizketak azaldu. «Herria kontzientziatuta dagoela ematen du, baina kalean ez da ikusten, ez da ateratzen. Elkartasun Eguna horretarako izatea pentsatu genuen, eta bide batez zenbait jenderekin eta eragilerekin kanpaina egiteko baliatzeko», dio antolakuntzako Ramon Artzak.
Ataunen azken hilabeteetan sustengu bila ibili dira, eta eragileengandik jaso duten harrera «handia» izan dela dio Artzak. Taldeko Maixa Goikoetxea ere gustura ageri da: «Denek ez esatearren, gehiengo batek parte hartuko duela esan digute. Gaur egun oraindik euskal presoek eta iheslariek duten bizimodua ez dela oso egokia esan diegu. Horri bultzada bat eman beharrean gaude, pauso batzuk aurrera emateko eta normaltasunaren barruan sartu ahal izateko».
San Gregorion egun osoan
Larunbat goizean hasiko da Elkartasun Eguna, gauera arte. San Gregorioko Inaxio Aierbe Enparantza izango da bilgunea (iheslari izanaren omenez du izena). Aurrez, ordea, oinezko bi zutabek zeharkatuko dute herria, errepidez.
Ataunen hiru preso zenbatu dituzte, gaur egun: etxeko espetxealdian dagoen Mila Ioldi, Juan Mari Mujika Kantxillo —Valentzian dago preso—, eta Xabier Arregi. Migel Angel Apalategi iheslariak etxetik kanpo 40 urte daramala gogoratu zuten. Arregiren ama Mari Jose Imazek azaldu du semea Almerian (Espainia) daukatela preso, ia zazpi urtean.
Etziko Elkartasun Egunean parte hartuko dute, besteak beste, Biboletak emakume taldeak, Ataungo sukaldari taldeak —bazkaria ipiniko dute—, txalapartariek, bertsolari gazteek, herriko musikariek, dantzariek eta Hiru Txilipurditan zirko eskolakoek.
Elkartasun Eguna
Larunbatean, San Gregorion
- 10:00. Oinez ibilaldia. Zutabe bana Aiatik eta San Martindik.
- 11:30. Harrera, San Gregorion. Triki-poteoa, ume jolasak.
- 13:00. Toka txapelketa.
- 13:30. Haurrentzat bazkaria.
- 14:30. Bazkaria eta kantaldia.
- 16:00. Eskulanak, umeentzat.
- 18:00. Ekitaldi politikoa.
- 19:00. Kontzertuak: The Travelling Band, eta Konbo Soyuz.