Bista Alaiko kasua fiskaltzaren esku dago
Beasaingo Udalak aste honetan eskegi du bere webgunean (beasain.org) Bista Alai eremuko espedientea fiskaltzaren esku jarriko duela iragartzen duen albistea. Albistean gogorarazten dutenez, «udaleko zerbitzu teknikoek irregulartasunak aurkitu zituzten Bista Alaiko espedientean. Laburbilduz, Udalak legezko %10aren ordainetan garaiko arkitektoaren txosten teknikoak agindutakoa baino 230.000 euro inguru gutxiago jaso zuen promotorearengandik». Horren aurrean, udalak espedientea «ospe handiko legelarien esku» jarri zuen pasa den urtean eta pasa den urtarrilean jaso zuten udalean legelariek egindako txostena.
Txosten horretan jasota dago, besteak beste,» delitu penalen zantzuak» ageri direla, «zehazki, prebarikazio administratiboarenak eta fondo publikoak bidegabe erabiltzearenak» eta espedientea fiskaltzaren esku jartzea gomendatzen du.
Erantzukizunak eskatzeko
Apirilaren 16an Beasaingo Udalak zigor espediente administratiboa ireki zuen Patxi Plazaolaren aurka, Bista Alai eremuko garapenaren espedientean antzemandako irregulartasunak direla eta. Orain berriz, Beasaingo Udalak, espedientearen berri fiskaltzari ematea ebatzi du, Patxi Plazaolak penal arloan izan dezakeen erantzukizuna eskatu ahal izateko.
Albiste horren harira, Joxan Imazek mezu bat helarazi du, Beasaingo EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren izenean. Imazen ustez, albiste horren berri Europako hauteskundeak pasa orduko ematea «ez da kasualitatea»: «Erabilpen politiko eta elektorala egin dutela eta egiten jarraitu nahi dutela gai honekin» azaldu du. Salaketa horren aurrean, Koldo Agirre alkateak azaldu du «prozedura honek epe batzuk» dituela eta «erabilpen politikoa egitekotan hauteskunde aurretik egingo» luketela.
Imazek gogorarazi nahi izan duenez, EAJk «behin eta berriz esan diogu Bilduri lehenbailehen epailearen esku jartzeko gaia. Urtebete kostatu zaio Bilduri, gaia epaitegietara eramatea».
Alkatearen hitzetan, «gaia plazaratu zenean, txosten juridiko bat eskatu zela esan genuen. Horrela egin dugu eta honek ondorio batzuk eman ditu. Ondorioen arabera, zigor espediente bat martxan jarri da udaletxean eta bertan Patxi Plazaolari alegazioak aurkezteko aukera eman zaio. Ondoren txosten juridikoa aintzakotzat hartuta, prozedura eten eta fiskaltzara joko dugu. Txostenak dioelako, zentzu penalak daudela».
Agirrek azpimarratu nahi izan du «kontrakoa frogatzen ez den bitartean, balizko erantzule guztien zigorgabetasunean sinesten» duela. Orain, gaia fiskaltzaren esku dago.