Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruko ika-mika Urretxuko osoko bilkuran
Ostegun arratsaldean osoko bilkura egin zuten Urretxuko udaletxean. Hasteko, 2015eko herriko jai eguna irailaren 21a izatea, Lilibaso arautegi orokorraren barnean sartzea eta Ogasun departamentuarekin datuak partekatzea onartu zuten aho batez. Mendekotasuna dutenei eskaintzen zaien etxez etxeko laguntzaren inguruan, ordea, alderdi guztiak ez ziren bat etorri. Bilduko sei zinegotziek alde bozkatu zuten eta oposizioko zazpiak abstenitu egin ziren.
Ostegun arratsaldean osoko bilkura egin zuten Urretxuko udaletxean. Hasteko, 2015eko herriko jai eguna irailaren 21a izatea, Lilibaso arautegi orokorraren barnean sartzea eta Ogasun departamentuarekin datuak partekatzea onartu zuten aho batez. Mendekotasuna dutenei eskaintzen zaien etxez etxeko laguntzaren inguruan, ordea, alderdi guztiak ez ziren bat etorri. Bilduko sei zinegotziek alde bozkatu zuten eta oposizioko zazpiak abstenitu egin ziren. Hala, Aldundiak udalari zerbitzu hori eskaintzearen truke emango dion diru-laguntza onartu zuten.
Jon Altolagirre Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak akordioa 2005ean sinatu zela gogoratu zuen, Aldundiak udalekin zuen zor historikoa kitatzeko. Aurten Urretxuko Udalak 54.000 euro inguru jasoko dituela aurreratu zuen.
Itziar Agirre EAJko bozeramaleak Batzar Nagusiak Aldundiari udalekin akordio bat adosteko eskatu diotela gogoratu zuen. “Baina Aldundiak ez du Batzar Nagusien ebazpena errespetatu eta etxez etxeko zerbitzuagatik ematen duen diru kopurua %15 jaitsi du. Eta ados ez badaude, ez duela laguntzarik emango esan du”.
Maria Dolores Segade PSE-EEko zinegotziak, berriz, Aldundiak udalekin duen zorra kitatzearen alde dagoela esan zuen. “EAJ da zorraren erruduna. Gehiengoa izan duenean gure proposamenen aurkako botoa eman baitu. Ander Rodriguezek, berriz, diputatu egin zuten arte gure proposamenaren aldeko bozka ematen zuen”. Hamaikabateko Luis Angel Tellezek ere Aldundiaren proposamenaren aurka agertu zen. “Jauntxokeria” zela esan zuen.
Altolagirrek udalak aurreko urteetan baino diru gutxiago jasoko duela onartu zuen, baina autonomoen plazen ardura Aldundiak hartuko dituela gogoratu zuen. Gainera, Araba, Bizkaia eta Nafarroan egoera okerragoa dela esan zuen.
Agirrek PSE-EEri Jaurlaritzan egon den urteetan ez duela auzi hau arautuko duen legerik garatu gogoratu zion eta Altolagirrek legea garatzeko borondate politikoa falta dela gehitu zuen.
The post Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruko ika-mika Urretxuko osoko bilkuran appeared first on Otamotz.