Zurrumurruei aurre eginez
Etorkinak gizarte laguntzen kontura bizi dira, segurtasun eza handitzen dute, osasun zerbitzuez abusatzen dute, hezkuntza maila eskasten dute, ez dute gizarteratu nahi… Barne-barneraino sartuta ditugun aurreiritzietako batzuk baino ez dira horiek. Tamalez, gezurretan oinarritzen diren arren, uste horiek erregai hutsa dira atzerritik datozen pertsonen kontra. Aurreiritziek eta zurrumurrek gizarte bizikidetza nahasten eta zailtzen dute.
Hala ere, badago zer eginik ahots diskriminatzaile horien aurrean. Hala uste dute behintzat Sos Arrazakeriakoek. Gipuzkoako zazpi udalekin batera Zurrumurruez kanpaina egitasmoa jarri dute martxan zurrumurruei aurre egiteko tresnak, argudioak eta emozio estrategiak eskura jartzeko. Ordizia da egitasmo horretan arituko den herrietako bat.
Zurrumurruen aurkako sarea
Katalunian sorturiko Xarxa antirumors egitasmoan oinarriturik, 2011. urtean hasi zen Sos Arrazakeria eragileak zurrumurruen aurka prestatzeko tailerrak egiten. «Zurrumurruek baldintzatu egiten gaituzte eta ez digute uzten berdintasunean eta errespetuan harremantzen beste herrialdeetatik etorritako pertsonekin», diote. Horregatik, «aurrera egiteko garaia» dela ulertuta, Zurrumurruez sarea Gipuzkoan sendotzeko pausua eman dute.
Sos Arrazakeriako Silvana Lucianik aurkeztu zuen joan den astean egitasmoa Donostian Ordiziako zinegotzi Belen Maizarekin batera; baita, Zarauzko, Tolosaldeako, Eibarko, Hernaniko, Astigarragako eta Errenteriako udal ordezkariekin batera ere. Zurrumurruez sarea antolatuko dute bertan parte har dezaten elkarbizitza sanoa bultzatu nahi duten pertsonekin, erakundeekin eta taldeekin.
Ordiziako Udalak urteak daramatza jatorri ezberdinetako herritarren aukera berdintasunak bermatzeko lanean. Aste hauetan, esate baterako, garatzen ari dira da Ongi etorri Ordiziara! egitasmoa. Ordizian bizi diren guztiei zuzendutako informazio saioak dira; Euskal Herria ezagutu eta jatorri ezberdinekoen arteko harremanak sustatzea helburu duena. Datorren ikasturtean zehar, 2014-2015an, Sos Arrazakeriarekin elkarlanean abiatutako egitasmoa garatuko dute.
«Elkarbizitzaren hazia»
Ordiziako Udaleko Migrazio eta Aniztasun sailetik azaldutakoaren arabera, formakuntza eta sentsibilizazioa landuko dituzte herriko eragile, talde, ikasle eta herritarrekin.
Lau arlo landuko dituzte jatorria edozein dela ere denen arteko elkarbizitza posible izan dadin. Zurrumurruak ezereztu ahal izateko estrategia emozional eta komunikatiboak landuko dituzte. Arlo hori «oinarrizkoa» dela diote «izan ere, frogatua dago arrazoimena eta zentzua ez direla aski zurrumurrua ezerezteko». Komunikazioaren arloan egin beharreko lana izango da beste puntuetako bat. «Komunikabideak tresna estrategikoak dira gatazka edo elkarbizitza sustatzeko», diote. Horregatik, komunikazioa lantzen duten elkarteekin edo profesionalekin elkarlana sustatuko dute.
Formazio ekintzen bidez «kultur aniztasunari buruzko zurrumurruak eta estereotipoei» egingo diete aurre, horretarako Zapalduaren Antzerkiaren eta Foro antzerkiaren proposamen metodologikoetatik abiatuko dira. Bereziki clown eta antzerki giroan dabilen jendeari zuzendua egongo da. Azkenik, bertso eskolekin elkarlanean, neska-mutilen umorez eta begi zorrotzez helduko diote zurrumurruen gaiari.
Laguntzarako tresna gisa komiki-txartelak erabiliko dituzte; uste faltsuak argitzeko datu zehatzekin. Eskuorriak ere banatuko dituzte trenetan eta autobusetan eta zurrumurruen aurkako taulak jarriko dituzte anbulategietan, ikastxeetan edo jolasguneetan, esate baterako.