Bidegorriak osatu eta garatzeko diru laguntza jasoko dute bost herrik
Goierriko bost udalek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bat jasoko dute, oinezkoen eta bizikletarien bide sarea osatzeko. Guztira 250.000 euroko diru saila izendatu du aldundiak, eta eskualdera denera 42.697,37 euro iritsiko dira hortik. Lazkaok, Ordiziak, Ormaiztegik, Idiazabalek eta Zumarragak jasoko dute diru laguntza, eskaeran aurkeztutako aurrekontuen %30 eta 33 bitartean. Legazpik, Ataunek, Mutiloak eta Olaberriak ere eskatu zuten, baina ezetsi egin die aldundiak, «deialdiaren kreditu erabilgarria agortu delako».
Bidegorri sarean egiteko falta diren zatiak eraiki, edo berriak sortzeko erabiliko dute diru laguntza bost udalek. Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean aurreikusitakoak izan behar dute proiektuek, edo «udalerrietako planetan aurreikusitako izaera berekoak».
Hala, Lazkaoko Udalak Lazkao-Beasain bidegorria osatzeko jaso du 12.822,71 euroko laguntza (38.856 zen eskatutako aurrekontua). Ordizian Anperio kaleko bidegorria egingo dute (3.180,59 euro jasoko du), Ormaiztegin bidegorriaren bide segurtasuna hobetuko dute (3.681,63); Idiazabalen Urtsuaran auzorako bidea eraikiko dute (10.906,35) eta Zumarragan Etxeberri auzunera doan bidegorri zatia hobetuko dute (12.106,09 euro).
Atzera botatako proiektuen artean, Legazpiko Aizkorri kalea egokitzea, Ataungo udal plangintza idaztea, Mutiloako Lierni-Barnaola bide berdea egokitzea eta Olaberriko landa bideen berreskurapenerako proiektuak daude.
Bizikletariak %28 dira
Herritarren gehiengoak oinez ibiltzeko erabiltzen ditu bidegorriak, Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzean kaleratu zuen neurketa baten arabera. 2013an, herrialdeko 17 bidetan (kontagailua dutenak) 3,2 milioi joan-etorri izan ziren. Horietatik %72 oinez izan ziren (2,3 milioi), eta bizikletan %28 soilik igaro zen (889.000).
Aurreko urtetik %5,5 igo da, hala ere, txirrindulari kopurua bidegorrietan, Gipuzkoa osoan. Kontagailu sistema 2008an jarri zenetik, oinezkoen pasaera %60 hazi da bidegorrietan, eta txirrindulariena %208.
Txirrinduaren erabilera handitu egin da azken urteetan, «baina Europako beste leku batzuetako portzentajeetatik oso urruti gaude oraindik; izan ere, hainbat lekutan mugimenduen %20 bizikletan egiten da, eta Gipuzkoan %2,4», dio Mugikortasun eta Bide Azpiegitura sailak.
Aurtengo urtetik 2022ra, bizikleta gehiago erabiltzeko Bizikleta Estrategia prozesua jarri du martxan aldundiak.
Iazko urtean, ordea, bidegorrien erabilera orokorrean jaitsi egin zen (%1,6, 2012tik). «Kontuan hartu behar da 2013. urtea oso euritsua izan zela, 2012an baino %41 euritsuagoa». Goierrin, Segura-Idiazabal bidegorriaren erabilerak gora egin du, aldiz.
Goierriri dagokionez, txirrindularien pasaera kopurua Gipuzkoako batez bestekoa baino handiagoa da Zumarraga-Azkoitia bidegorrian (Urolako trenbide zaharra, Aizpurutxon barrena). %44 txirrinduan ibiltzen da han, eta Endarlatsako bidearen ondotik, txirrinduzaleek gehien erabiltzen dutena da, proportzioan.
Bizikleta-bideak lan egunetan erabiltzen dira gehien, joan-etorri guztien %71 astegunetan izaten baitira. Udaberrian eta udan urte osoko bidaien %57 egiten dira.
Erabiltzaileak, «oso pozik»
Pasaera kopuruak neurtzeaz gain, bidegorrien erabiltzaileen iritzia jasotzeko ere inkesta egin du aldundiak. Txirrindulariak nahiz oinezkoak bidegorriekin «oso pozik» daudela ebatzi du. Batez beste, bizikletariek hamarretik 7,5eko nota eta oinezkoek 7,7koa eman diete.
Estatistikoki, txirrindularien %83 gizonezkoa da, eta batez beste adinez 42 urtekoa. Nagusiki aisialdirako eta kirola egiteko erabiltzen dute bizikleta. Derrigorrezko mugimenduetarako (lana, erosketak…) %29k erabili ohi du.
Emakumezkoen artean, garraiobide modura gehiagok erabiltzen dute, bidaien %43 dira. Bestetik, bidegorrien aurretik bizikleta hartzen ez zuten erabiltzaile berrien artean, %53rentzat da garraiorako modua.
Oinezkoen artean, berriz, %53 gizonezkoak dira, 56 urteko batez besteko adinekoak. Oinezkoek aisialdirako, paseorako eta kirola egiteko erabiltzen dituzte bidegorriak. Bidaia guztien %96 dira arlo horretakoak.
Gipuzkoan zenbat txirrindulari dauden jakiteko ikerketa soziologikoa ere egingo du aldundiak, 2015erako kudeaketa plana edukitzeko. Bizikleta Estrategiaren barruan, eskualdeka tailerrak antolatuko dira, txirrinduaren erabilera ugaritzeko.