«Ez daukagu bi astera gauza bera gertatuko ez dela dioen bermerik»
Familiatik zetorkion erleekiko grina Jon Etxeberria ataundarrari. 2013an erabaki zuen bere kasa erlezaintzan hastea. Txikitik eragin nahi zuen, eta kalitatezko produktuak saldu. Berak ere jasan ditu orain bi asteko uholdeen ondorioak.

Nolako erletegia da Ataungoa?
Erregina-haztegia da. Bertan zentratzen dut nire egunerokoa. Baina estazio bat ere muntatu dut ernalketarako, eta beraz, ez dut ekoizpena soilik egiten, ikerkuntzarako lan handia egiten ari gara azken urteotan eta asko motibatzen nau horrek. Jende onez inguratuta nago eta proiektu berriak iristen ari zaizkigu.
Momentu honetan 140 bat erlauntzekin ari naiz lanean, eta aukera ematen dit oinarrizko ekoizpenen barruan jarduteko. Zera esan nahi du horrek: kopuru jakin batzuetatik behera lan egiten baduzu, abantaila batzuk izan ditzakezula. Eredu horretan lan egin nahi dut luzarora begira ere.
Euskal Herrian ere badituzu gehiago.
Nafarroan eta Araban ere badauzkat erletegiak. Sakabanatuta daukat ekoizpena eta kilometro asko egin behar izaten ditut askotan, baina horrek produktua dibertsifikatzeko aukera ematen dit. Gerora, produktu horiek saltzen ditut azoka eta denda txikietan.
Galera handiak ekarri dituzte orain bi asteko uholdeek. Nola bizi izan zenuen zuk?
Ataungo errekarekin ez da halako hondamendia gertatzen den aurreneko aldia. 2018an ere kalte handiak izan ziren. Oso denbora gutxian desnibel handia hartzen duen erreka da eta ur asko pilatzen denean, bidetik topatzen duen dena arrastatzen du. Ez dakigu zergatik ematen den hori, baina horixe gertatu zen. Erreka bere bidetik atera eta dena txikitu zuen. Nire kasuan, erletegira sartzeko sarbiderik gabe gelditu nintzen.
«Beldurrez gaude, hurrengo euri jasa txikiek berriz ere erreka eragotzi dezaketelako»
Auzolanean aritu zineten?
Bai, herritarren artean auzolanean jardun genuen asteburu osoa. Ura bere bidetik joan zedin lortu genuen lehendabizi eta gero bide-konponketan jardun ginen. Justuko bidea daukagu orain, nahiz eta askotan saiakera bat baino gehiago egin behar izaten dudan bertaratzeko.
Euria egiten duenean, baina, zailtasunak handitu egiten dira. Ezin izaten dut bertaratu ere, eta kasu horietan, galerak ere handiagoak dira, momentuan egin ezin dudan lanen fruitua galtzen baitut.
Zein da zure beldurrik handiena?
Momentu honetan justuko bidea dago, eta aldi berean egunero jotzen ari dira tximistak eta trumoiak. Beldurrez gaude, hurrengo euri jasa txikiek, berriz ere erreka eragotzi dezaketelako. Momentu honetan, gainera, ez gaude bideak diruz konpontzeko baldintzekin. Agente desberdinak sartzen dira prozesuan –udala, ur-agentzia eta diputazioa–, eta espektatiben zain gaude. Oraindik ez dakigu ea gune katastrofiko gisa izendatuko duten Ataun edo ez. Horrekin bueltaka dabiltza.
Nik aseguratuta ditut nire erleak, baina ez dakit aseguruak zenbateraino barne-hartzen duen kalteturiko bidea bera. Tramite hauekin guztiekin gabiltza. Ez dakigu zertan geldituko den, baina 2018koak berriz ez gertatzea espero dugu; garai hartan kaltetuok asumitu behar izan genuen dena. Gaur egun ere ez daukagu hemendik bi astera gauza bera gertatuko ez dela dioen bermerik. Impasse batean gaude. Egunak pasatzen ari dira eta agintariek ez dute ezer zehazten.
Egoera horretan, zer eskatzen duzu?
Ez naiz aditua, baina gai hauetan aditua den jendea bertaratzea da eskatzen duguna. Etor daitezen eta ikus dezatela zenbateko kalteak eragin dituen. Alarma puntu handi bat izan da, eta ez dugu egoera bere onera itzultzeko kontua batere garbi ikusten.
2018ko eta 2025eko kalteen ondoren, hirugarren aldiz berriro gertatuko balitz, jada gure kulpa litzatekeela sentituko nuke. Ikusten delako arrisku nabarmen bat, eta ez direlako ezer egiten ari, baldintzak berriz gertatzearen aldekoak direnean, gainera. Tripako minarekin gaude, eta espero dut 2018an emandako soluzio bera emateko bezain trebeak ez garela.