Bihar arratsaldean emango diete hasiera segurarrek San Joan festei
Udako solstizioarekin batera, iritsi dira Segurako San Joan festak. Bihar arratsaldean ekingo diete festetako ekitaldiei, eta asteazkenean emango diete amaiera. Tartean, adin guztietako herritarrentzako jarduerak izango dituzte.
Festei hasiera ofiziala 20:00etan emango badiete ere, lehen ekitaldia 17:30ean izango da. Denboraldi batez itxita egon ondoren, Ardixarra etxea irekiko dute berriro. Ekitaldian, turismo bulegoa, Erdi Aroko interpretazio zentroa eta Ardixarra etxea bera erakutsiko dizkiete herritarrei. Halaber, eskolako umeek egindako eskulanak ikusi ahalko dira.
Jaien hasiera ekitaldia, berriz, 20:00etan izango da. Urteroko moduan, pertzaren jaitsierak emango die hasiera festei, eta ondoren, pregoia irakurriko dute. Aurtengoan, Segurako abesbatzak izango du pregoia irakurtzeko ardura.
2000. urteaz geroztik Julen Telleria herritarra da abesbatzako zuzendaria, eta egun, bere zuzendaritzapean 42 ahotsek kantatzen dute.
Festek kuadrillen egunarekin jarraituko dute etzi, eta umeen egunak itxiko du asteburuko egitaraua. Datorren astean, hiru egunez jarraituko du festak; pertza asteazkenenean igoko dute, dotore jantzita.