http://vimeo.com/73294773 Mendizaletasuna eta mendi-erromerien tradizioa berreskuratzeko asmoarekin, Urbian erromeria antolatu du Club Vasco de Camping elkarteak. AIKO taldearen laguntzarekin, hastapen-tailer bat egingo dute eguerdian, eta arratsaldean izango da erromeria. Joan-etorriko bidaiak egiteko, autobusak jarri dituzte Donostiatik. Txema Garai CVCEko presidenteak azaldu duenez, "mendia maite dugulako antolatu dugu erromeria berezi hau Urbiako landetan, baina mendia bezain garrantzitsua dugu dantza gure herriko kulturan".
Eguraldi aurrikuspenek larunbat arratsalde-gauerako euria iragartzen dutela eta, herri opera Ederrena pilotalekuan egingo dute. Bi emanaldi egongo dira: 19:00etan eta 22:30ean. Ederrena pilotalekuan 805 ikusle bakarrik sar daitezke, eta aforoa zaindu ahal izateko, beharrezkoa izango da gonbidapenak eskuratzea: bai bi saioetarako eta bai 16:00etako entsegu orokorrerako.
Uggasa Goierri garaiko garapen agentziak Goierri garaiko egoera ekonomikoaren analisia egin du, eta ekonomia eta enplegua sustatzeko eskuartean dituen egitasmoen berri eman du. Azken urtebetean langabeziak behera egin duela eta aldundiarekin eta Gipuzkoako Bazkundearekin enpresa txikiak nazioarteko bihurtzeko hitzarmena sinatu duela jakinarazi du. Gainera, Tecnaliarekin ere hitzarmena sinatu behar du, enpresei langabetuak kontratatzeko diru-laguntzak emango dizkie eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko Garaituz programan parte hartuko du.<