Dotore agurtu du feriak udaberria
Udaberri eta uda arteko garai hau urteko sasoirik oparoena dela esan genezake, azokari dagokionean behintzat. Barazki eta fruituetan aukera aparta dago, aire librekoak asko eta negutegikoak beste zenbait. Adibidez: baba eta baba txiki freskoa, ilarra, urazak, kuiatxoak, zerbak, borrajak, negutegiko piper, tomate…Eta landareetan, udakoak ez ezik udazkenekoen salmenta ere hasia da (karduak, azalorak…). Eguraldiak lagundu zuen gainera atzokoan, eta azken asteetan ez bezala landare eta lore saltzaileek ere bizi-bizi aritu ziren.
Azpimarratzeko modukoa da fruitu gorrien ugaritasuna eta edertasuna; gutxitan gertatu ohi den modukoa. Beste behin ere, jatorria Araman dutenak gehienak. Banan banan aipatuta, nobedade izan ziren aran gorria, Patxi Arizmendiren postuan (kiloa 3 euroan) eta andere mahats gorria Arantxa Zurutuzarenean (10€/ Kg). Azken horiekin batera, marrubiak eta magurdiak ere baziren postu berean. Gabiriako Oñatibia Txikikoak, berriz, gereziak bildu eta bildu ari dira, eta aspaldiko urterik onena izaten ari dela zioen Miren Agirrezabalak; kilo asko eta oso prezio onean (2,5 euro kiloko).
Barazkietan, aire libreko kuiatxo edo kalabazin zuria ere hasia dela aipatu behar (0,50 eta euroaren artean bakoitza).
Aukera aparta, beroa falta
Oraindik kilo asko inguratu badituzte ere (280 Kg.), ia bere onenak eman ditu aurtengo udaberriko zizen denboraldiak. Salmentetan ere nabarmendu da, eta nonbait jendea ere asetu da dagoeneko; joan zen astean oso gutxi saldu zenekoa aho batez entzun diegu saltzaileei. Gasteizko Garbiñe Barandiaranek aurreratu digunez, ziurrenik atzokoarekin Ordiziara etortzeari utziko dio, hurrengo denboraldira arte. Inoren gutiziarako bada ere, aipatu boilur edo trufa gutxi batzuk bazirela salgai Basoakoen postuan, kiloko 1000 euroko proportzioan.
San Juan bigarrenez izango da udako lehen feria eta baliteke San Juan sagarra atzerapen piska batekin izanik ere, datorren asteazkenean jateko prest izatea; hala aurreratu digu behintzat Gabiriako Mirenek.
- Aste honetako prezioak