Elkartasunez gainezka, bi egunetarako egitarau betea dute Oianguren Institutuan
Oianguren Institutuko ikasleek prestatuta, ekimen berezia izango da Ordiziako Plazan bihar eguerdian. Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarren Ibarrako gaztetxoari eta haren familiari laguntzeko bildu duten dirua eman eta elkartasuna adieraziko die ikasleek.
Hain justu ere, gaur eman diote hasiera I. Elkartasun Egunak egitasmoari. Giro onean, taldeka, goiz osoko egitaraua garatu dute ikasleek hainbat gunetan. Hezkidetza irizpideak jarraituz, talde lana sustatuko dute. Goizean goiz, ikastetxean bertan herri kirol jokoak egin dituzte: zaku lasterketa, koxkola apustua eta sokatira. Mendi lasterketa ere egin dute Altamira auzoa zeharkatu eta Oianguraino. Behin Oiangun hamaiketakoaren ondoren, naturarekin zerikusia duten jokoak egin dituzte. Eguerdian, geltoki parean bide gorriaren hasieran txirrindu-patinen lasterketa egin dute herriko plazaraino.
Bihar, berriz, Oiangun bertan ekimenaren oroigarri gisa bi zuhaitz landatuko dituzte. Herriko plazan egingo dute, bestalde, ekitaldia eguerdian. Ikastetxeko musikariek eta bertsolariek egingo diote harrera Oierri eta bere familiari. Ikasle bakoitzak «euro solidarioa» jarri du Sanfilippo gaixotasunaren ikerketan laguntzeko.