Olaberrian bihar hasiko dituzte San Joan jaiak
Bihartik hasita, San Joan festetan olaberritarren topaleku izango da herria, bost egunez. Egitarauan berritasun handirik ez dago, iaztik. Deabru Beltzak taldearen su ikuskizuna nabarmendu dute Kultura sailetik, edo Errimatuz taldearen bat-bateko hip-hop kantaldia dira berritasun, besteak beste. Igande eguerdiko txakolin dastaketak ere jendetza bilduko duela aurreikusten da, giro polita sorraraztearekin batera.
Olaberriketan euskara taldeak ere ukitu berezia emango du, aurten. Jaiak kantu afari batekin hasiko dituzte, bihar. Aitor Furundarena soinu-jotzaile ordiziarra gonbidatu dute. Afaltzen 20:30ean hasiko dira. Txartela 20 euro da, eta Arrieta, Etxezuri eta Zezilioenea jatetxeetan daude erosteko moduan.
Musika aldetik, The Joselontxo’s txaranga donostiarrak girotuko du Olaberria. Aurten Legorretan eta Beasainen aritu da festak alaitzen, 2008an sortutako musika banda. Donostiako Musika Eskolako ikasleek eta hango bandako kideek osatzen dute.
Azken urteetan ohitura bihurtu den bezala, Gipuzkoako Itzulia juniorren txirrindularitza probako 1. etapa Olaberrian jokatuko da, larunbatean 10:00etan hasita. Bezperan hasiko da Itzulia, Aian (Gipuzkoa), erlojupekoarekin. Igandean, 2. etapa Andoainen izango da, eta astelehenean 3.a eta azkena Seguran.
Olaberriko etapak 75 kilometro ditu, eta Lierni bi aldiz (3. mailakoa), Gabiria (2. mailakao) eta Olaberria bi aldiz (lehenengo Lazkaotik, eta helmugaratzeko igoeran Oiarbide aldetik) igoko dituzte. 12:00etan bukatuko da.
Kirolarekin segiz, bolatean bi lehiaketa jokatuko dira: bat haurrentzat II. Bola Txapelketa, eta bestea Gipuzkoa mailako bolarientzat. Tiro lehiaketak ere iragarri dituzte, egitarauan. Azkenekoak izan litezke, auzitegiak hura ixteko agindua emana baitu.
Jaiak bihar hasiko badira ere, hasiera ekitaldi ofiziala larunbat arratsaldeko seietan izango da. Suziria botako dute udaletxeko balkoitik, eta pregoia irakurri. Herriko gaztetxoak eta nerabeak arduratuko dira aurten. Atzo ari ziren irakurgaia prestatzen, liburutegian. Ez dute aurreratu.
Guillermo Prietori omenaldia
Urte borobila darama egokitutako txirrindularitzan Guillermo Prieto olaberritarrak (Donostia, 1974). Euskadiko eta Gipuzkoako erlojupeko txapelduna eta errepidekoan txapeldunordea; Espainiako erlojupekoan 3.a, Mundukoan 14a erlojuaren aurka eta 15.a errepidean, pistan Espainiako txapeldun taldeka… Horiez gain, txirrindularitza normalizatuan ere lehiatu da, master mailan, emaitza oso duinak lortuz.
Prietori omenaldia egingo diote herrikideek, San Joan bezperan, suaren inguruan. Lazkao Kirol Elkartearen taldean hasi zen txirrindularitzan, 11 urterekin. Amateurretara Equinoccio-Costa Vascarekin jauzi egin zuen. Lehiaketa utzi eta zikloturismoari ekin zion gero. Lan istripuan ezker oina galdu zuen, eta ondotik hasi zen berriz bizikletan.
Egitaraua
Bihar (ostirala, ekainak 20)
- 17:30. Antzerkia, Kometa ludotekarena, Ihurre Zahar kultur etxean.
- 18:30. Marrazki lehiaketako sari banaketa, udaletxean.
- 20:30. Kantu afaria Aitor Furundarenarekin, Olaberriketanek antolatuta, Arkupen.
- 10:00. Gipuzkoako Itzuliko juniorren txirrindulari etaparen hasiera.
- 10:30. San Joan pilota txapelketa herrikoiko finala, eta 29. Arkupe paleta gomaz finala.
- 18:00. Pregoia, txupinazoa, buruhandiak eta trikitilariak.
- 19:30. Haurren bola lehiaketa.
- 21:00. Arkume txuleten parrillakada. The Joselontxo’s musika taldearen saioa.
- 10:00. Bola txapelketa.
- 10:00 eta 15:00. Plater tiro lehiaketa.
- 12:30. Txakolin dastaketa, pintxoak eta bertsolariak.
- 17:00. Zaldi gainean paseoak.
- 18:00. Haurrentzat erromeria, Porru DJarekin.
- 20:30. Txerri saihets eta Gernikako piper jatea.
- 22:30. Deabru Beltzak taldearen su ikuskizuna.
- 11:00. Haurren jolas parkea.
- 13:30. Haurrentzat bazkaria.
- 19:00. Lore bedeinkapena.
- 19:30. San Joan arbola zutitzea.
- 19:30. Apar festa.
- 22:30. San Joan sua, dantzari eta txalapartariekin. Errimatuz hip-hop taldearen bat-bateko saioa.
- 10:00. Herriko plater tiro lehiaketa.
- 11:00. Meza, Zeba koruarekin.
- 12:15. Hamaiketakoa eta neskatxen soka-dantza.
- 16:30. Gazteen saskibaloi txapelketa.
- 17:00. Briska eta txintxoi txapelketak, Ihurre-Zahar etxean.
- 18:00. Bordetxeren abere zirkoa, eta txokolate jana.