
Zoritxarrari alde ona aurkitzen saiatu zen Guillermo Prieto (Donostia, 1974), duela bost urte. Ezintasunak aukera bihurtu ditu, eta txirrindularitza egokituan onenetakoa da. Olaberrian herrikideek omendu dute.
Zer moduz joan zen San Joan bezperako omenaldia?
Polita izan zen, atsegina. Oroigarri bat eman zidaten. Ondo dago babes hori duzula sentitzea. Eskertua natzaie olaberritarrei.
Zer sentitu zenuen, sua piztu aurretik plazan zuri aitortza egindakoan?
Gustagarria da. Emozioa sentitu nuen, egiten duzun ahalegina estimatzen dutela ikusita. Ondo joan zen ekitaldia.
Gaur egun ez zara Olaberrian bizi. Zer etortzen zaizu burua herria aipatutakoan? Zure ibilbidearen ordaina nabaritu duzu?
Bai. Herrian ahal duten gauzetan laguntzen didate. Pozik nago horregatik, jakina. Eskertuta.
Kirol arloan, urte oparoa daramazu. Zeuk ere hala uste duzu?
Egia esan, nahiko urte ona ari da izaten. Espainiako txapeldun izan naiz pistan, hirugarrena erlojupekoan, eta laugarrena errepidekoan. Proba batzuk irabazi ditut; txirrindularitza normalizatuaren barruan, egokituaren atalean denak nik irabazi ditut. Otsailean hasi nintzen, eta ia asteburu oro izan dut lasterketaren bat. Paris-Roubaix ere egin dut aurten, harbideetan. Lehengoan Quebrantahuesos ere egin nuen.
Zer moduz?
Postu oso ona lortu nuen. 75. iritsi nintzen, 8.500 pertsonaren artetik. Irabazlearengandik 14 minutura sartu nintzen [6:04:04]. Oso pozik nago egindako lanarekin.
Angel Vazquezen inguruko polemikaren berri izan al zenuen han?
Bigarren mendatera arte ikusi nuen Angel. Guardia Zibilak atera zuen lasterketatik. Esaten zuten ez irabazteko baldintzapean utzi ziotela parte hartzen, eta nola lehenengo zihoan… Arraro samarra da dena.
Munduko Txapelketatik ez zinen zapore onarekin itzuli, Italiatik.
Han ere paper ona egin nuen, baina zorte txarra izan nuen eta erori egin nintzen. Emaitza hobea ateratzea espero nuen, baina zorteagatik azkenean ezin izan nuen.
Esan izan duzu 2009ko urtarrilaren 8an bizitza aldatu zitzaizula, lanean istripua izan eta oina galdu zenuenean. Baina horrek txirrindularitzarekiko harremana ere aldarazi zizun.
Bai. Lehen batez ere mendiko bizikletarekin ibiltzen nintzen, errepidean jada oso gutxi. Istripu haren ondoren, terapia gisa hartu nuen berriz ere bizikleta, bai fisikoki, bai psikologikoki. Psikologoak animatu ninduen berriz ere lehiaketetan hastera. Hala hasi nintzen, eta bost urte daramat dagoeneko.
Gustua hartu diozula garbi dago.
Bai. Bizikletan txiki-txikitatik ibili izan naiz ni. 11 urterekin hasi nintzen, Lazkaon, eta beti hango elkartean ibili izan naiz, eskolatik jubenilak arte. Juan Luis Juarez zen arduraduna. Gero, afizionatuetan, Donostiako talde batean ibili nintzen.
Amateur mailan lehiaketa utzi zenuenean, bizikleta ere erabat alboratu zenuen?
Zikloturista martxaren bat egiten nuen, bakarrik. Gero, lanera txirrinduan joan ohi nintzen, lagunekin ibiltzera ere irteten nintzen… Baina lehiaketa modura jada ez. Istripua izan ondoren, izorratuta ikusten duzu zeure burua, eta errekuperazio bezala hartu nuen, lehen ere ibilia nintzenez. Eta, behin hasitakoan, ezin duzu utzi. Geroz eta gehiago nahi izaten duzu, gainera, eta hor gabiltza.
Terapia modura balio izan dizu?
Bai, benetan. Hankan indarra berreskuratzen ari naiz. Eta buruarentzat ere ona da, deskonektatzeko.
Zer izan da txirrindularitza zuretzat azken urteotan?
Asko gustatzen zaidan kirola da txirrindularitza. Nire bizitzaren zati da, egunerokoa. Alaba eskolara eraman, eta bizikletan ibiltzera joan ohi naiz. Eguneroko lan bat bezalakoa da niretzat. Ia-ia profesionalena bezala da orain. Urtean 30.000-33.000 kilometro egiten ditut. Eguneroko ogia da.
Lehiarako nola prestatzen zara?
Ia dena bizikletan. Gimnasioa ezin dut askorik egin. Egin nezake, baina zailtasunak ditut. Ia urte osoan ibiltzen naiz txirrinduan.
Txirrindularitza egokituaz gain, normalizatuan ere aritzen zara jada. Zer moduz?
Oso ondo. Nahik ongi ibili ohi naiz, aurreko postuetan. Egokituan oso egutegi laburra dago, eta lehiatu nahi baldin baduzu, normalizatuan hasi beste erremediorik ez dago. Hasieran, egokituan lehiatzeko prestakuntza modura irteten nintzen normalizatuko karreretan. Baina lasterketa asko desagertu dira krisiagatik, eta ia denboraldi osoa normalizatuan aritzen naiz.
Zer mailatan?
Batez ere master mailan. Martxak ere egiten ditut: Quebrantahuesos, Larra-Larrañe… Baina lehiatu, masterretan.
Zer erronka dituzu esku artean, etorkizun hurbilerako?
Aste honetan Bira egokituan parte hartuko dut. Irabazten saiatuko naiz, zaila dela badakidan arren. Bi urtean bigarren egin dut, beste behin hirugarren. Ea irabazten dudan. Bestela, Munduko Kopa uztailaren bukaeran da, Segovian. Beste helburu bat hori da. Postu ona lortu nahiko nuke. Munduko onenak han izango dira, eta oso zaila da. Eta, gainontzean, aurten ja karrera gutxi geratzen da. Datorren urtea prestatzen hasi beharko dugu.
Valladoliden ez duzu hemengo mendaterik izango entrenatzeko.
Ez, han laua da dena. Ni igotzailea naiz, gainera, eta ez daukat hemengo mendaterik. Han kilometroak egitea da kontua.