Aian Santa Isabel eguna ospatu dute
Ataun Aian gaur bukatu dira festak, santaixabelak. Asteburuaren ondotik, zaindariaren egunarekin agurtu dituzte jaiak. Lanbro bizipean, auzotar andana elkartu da gaur ere.
Meza ondoren hamaiketakoa egin dute auzotarrek. Haitzarri elkartean elkartu dira, adinekoak gehienak. Ondoren, Erroipe aterpean 80 lagunentzat herri bazkaria zeukaten prestatuta Ataungo sukaldari taldekoek. Bien bitartean, Santi eta Katxo trikitilariak, Urdangarin eta Sarriegi bertsolariak, eta herriko pilotariak ikusteko aukera izan da.
Erroipe aterpearen azpiko frontoitxoan hiru pilota partida jokatu dituzte. Haur mailan, Oñatz Arrillaga orexarrak (Aiako jatorria du, amaren aldetik) 22 eta 21 irabazi dio Beñat Zubizarreta ataundarrari. Gero, 15 urteko Iraitz Zubizarreta eta Iñigo Zabala herrikideek jokatu dute (22-13). Azkenik, helduetan, Ibai Arratibel ataundarrak 22 eta 21 irabazi dio Asier Mintegi lizartzarrari.